GAUR8 - mila leiho zabalik

Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketak gaia jarri du: «Sakelakorik gabe ezin bizi»

Lazkao Txikiren legatua jarraituz, gazteek protagonismo handia duten Bertsopaper Lehiaketaren edizio berri bat jarri du abian Argi Berri Elkarteak. Gai librea da gazte eta helduentzat, baina gaztetxoenei gaia jarri die: «Sakelakorik gabe ezin bizi».

Lehiaketaren azken edizioko irabazleak eta antolatzaileak. (Argi berri Elkartea)

Ordiziako Udalaren laguntzarekin, Lazkao Txiki Paper Lehiaketaren edizio berri bat jarri du abian Argi Berri Elkarteak, Goierriko bertsolari handiaren itzala jarraituz haren eredua zabaldu eta gazteen artean bertso-zaletasuna bultzatzeko.

Horregatik, adin tarte zabaleko parte hartzaileei zuzenduta dago ekimena. Hiru mailatan banatuta, 13 urte artekoentzako kategoria bat aurreikusten du, 16 eta 18 urte bitarteko lagunen lanentzako bigarren bat, eta helduentzako beste bat, 2004an edo aurretik jaiotakoei zuzenduta.

Gaiari dagokionez, librea da gazte eta helduen mailetan aurkeztutako lanentzat, neurria eta doinua bezala. Gaztetxoentzat, berriz, gai zehatza jartzen du lehiaketak: “Sakelakorik gabe ezin bizi”.

Uztailaren 1era arte

Lanak uztailaren 1erako bidali behar dituzte parte hartzaileek. Horretarako bi bide daude: Argi-Berri Elkartearen helbidera helaraztea, Ordiziako Gipuzkoa kalean, Lazkao Txiki Bertso Paper Lehiaketarako dela zehaztuta, eta emailez, aitor-c@aek.eus posta elektronikoaren bidez.

Lanak aurkezteko orduan, oinarriek zehazten dute, adibidez, izenordez bakarrik sinatu behar direla, baita izenordeak guztiz ezezaguna izan behar duela ere. Bertso sorta bakoitzaren doinua, era berean, izenburuaren ondoan zehaztu behar da.

Sari banaketa irailaren 10ean egingo da Ordiziako Euskal Jaien barruan.