GAUR8 - mila leiho zabalik

Miaketa arkeologikoak egingo ditu Aranzadik Elorrioko Santamariñazarren bi aurkikuntza egin ondoren

Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek miaketa arkeologikoak egingo dituzte igande honetan Santamariñazar mendian, ausaz egindako bi aurkikuntzen ondorioz: erromatar txanpon batzuk eta brontzezko aizkora bat.

Santamariñazarren aurkitutako brontzezko aizkora, irudian. (Aranzadi Zientzia Elkartea)

Santamariñazar mendian ezagunak dira 1936ko Gerra garaiko lubakiak, baina «ausazko bi aurkikuntza» berri egin dira bertan, Euskal Prospekzio Taldeen eskutik: «bata, erromatar txanpon batzuk tontor nagusitik gertu, eta bestea, brontzezko aizkora bat magalean».

Gerediaga Elkartearen enkarguz eta Elorrioko Udalaren babesarekin, Aranzadi Zientzia Elkarteak miaketa arkeologikoak egingo ditu inguruan, eta igandean (hilaren 14an) azalpen dibulgatiboa egingo dute Aranzadiko adituek, 11.30etik aurrera.

Azterlanak Santimariñazar mendiaren hegoaldeko magaletan egingo dira. Zehaztu dutenez, Elgetako mendien tontorra da Santamariñazar, Zaldibar eta Elorrio udalerrien arteko mugan, eta bi tontor ditu: iparraldekoa 669 metrokoa eta gurutzeduna, eta hegoaldekoa, 675 metroko altuerara.

Azken aurkikuntzek aztarnategia egon daitekeela planteatzeko oinarria eman dute, orain metaketa arkeologikoa kontserbatzen den frogatu behar da, «eta hala bada, kontserbazio egoera, izaera eta kronologia zein den aztertuko da».

«Metaketa arkeologikoa dagoela egiaztatu ezkero, C14 bidezko datazioak egiteko laginak aurreikusten da», azaldu du Gerediagak ohar batean. Ezer berririk aurkituko balitz, landa lana amaitu ostean jasotako materialen garbiketa, siglaketa eta inbentarioa egingo dela aurreratu du.

Santamariñazarreko tontorrean (gurutzeduna) finkatutako hitzorduaren inguruan, Gerediaga Elkarteak azpimarratu du  «lanak zer diren eta zelan egiten diren bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera» izango dela.