2023 MAI. 22 Gaur X urte Gaur 85 urte 795 preso errepublikarrek ihes egin zuten Ezkabako espetxetik 1985eko maiatzaren 22an 795 preso errepublikarrek Ezkabako espetxe frankistatik ihesaldia abiarazi zuten. Kopurua kontuan hartuta, mundu osoko inoizko ihesaldi handienetarikoa da. Hala ere, bakarrik hiruk lortu zuten helburua. Frankistek 585 atxilotu eta 207 iheslari hil zituzten. Ezkabako gotorlekuaren barnealdeko irudia. (Iñigo URIZ/FOKU) GAUR8 Gaur, maiatzak 22, 85 urte betetzen dira Ezkabarteko Ezkaba mendiaren gainean zegoen San Kristobal espetxetik 795 presok egindako ihesalditik. Horietatik 207 preso mendia atzean utzi nahian hil ziren, beste 585 atxilotu eta espetxera eraman zituzten eta hiru bakarrik iritsi ziren muga zeharkatzera. Ezkabako San Cristobal gotorlekua 1878 eta 1919 artean eraiki zen, defentsarako helburu militarrekin, baina ez zen inoiz helburu horretarako erabili. Hamar urte geroago kartzela bihurtu zen, eta 1936ko uztaileko altxamendu militarraren ondoren, frankistek instalazio horiek erabili zituzten, 2.500 preso politiko inguru baldintza oso gogorretan pilatzera iritsiz. Ihesaldia hogeita hamar bat preso inguruk prestatu zuten. Operazioa 1938ko maiatzaren 22ko afalorduan hasi zen, zaindariak sakabanatuta zeuden unean. Talde ezberdinetan joan ziren zenbait zaindari desarmatzen, eta ordu erdi baten buruan presoek espetxearen kontrola hartu zuten. Horren ostean, ehunka presok ihesari ekin zioten. Iruñetik zetorren soldadu batek gertatzen ari zena sumatu zuen, eta hirira jaitsi zen alarma-ahotsa ematera. Gertatutakoaren berri izan zutenean, agintari frankistek sarraskia antolatu zuten. Zenbaketa ofizialaren arabera, 795 atxilotuk ihes egin zuten. Hala ere, gaizki jantzita zihoazen, txarto elikatuak, fusil gutxirekin eta ondo antolatutako ihes-planik gabe. Gau horretan bertan, eta hurrengo egunetan, frankistek 585 pertsona inguru atxilotu zituzten. Gainera, beste 207 preso hil zituzten. Bakarrik hiruk lortu zuten muga zeharkatzea.