2023 MAI. 27 Gaur X urte Ategorrietako sarraskia gaur 92 urte eragin zuen Guardia Zibilak Gaur 92 urte portuko zazpi langile hil zituen Guardia Zibilak, Ategorrietako erlojuaren parean, Donostiako erdialdera manifestazioan zihoazela, beren lan baldintza penagarriengatik protesta egitera. 1931n Ategorrietako sarraskiaren ondoren gerra bandoa irakurri zeneko unea Donostian (José Antonio Egido, Jesús Larrañaga, "Beasaingo paperak",) GAUR8 1931ko maiatzaren 27 hartan Pasaiako portuko langileak greban ziren. Gehienak, Trintxerpen errotutako galiziarrak ziren, ziur asko Euskal Herrian lan baldintza kaskarrenetarikoak pairatzen zituzten langileak. Soldaten igoera, jai egun bat astero eta lan jardunaldia 15 ordu baino gehiagokoa ez izatea ziren hiru aldarrikapen nagusiak. Ugazaben ezezkoaren aurrean Pasaiatik Donostiara eraman zituzten euren aldarrikapenak sindikatu guztiek, UGT-k izan ezik. Donostiarantz abiatu zen langile martxa 9.00ak aldera eta, Ategorrietako erlojuaren parera iritsita, Guardia Zibilak manifestazioak aurrera ez egiteko agindua eman zuen eta manifestariei tiro egiten hasi zen, zazpi langileak hil eta zauritu ugari utziz. Sarraskiaren erantzun herrikoia laster etorri zen eta greba orokorra deitu zen Donostian eta Pasaian. Hauek dira duela 92 urteko gertakarian hildako langileen izenak: Jose Carnes (32 urte), Manuel Perez (34 urte), Jose Novo (25 urte), Antonio Barro (31 urte), Julian Zurro (19 urte), Jesus Camprosola (23 urte) eta Manuel Lopez (26 urte). Hala ere, gertaera larri hau ez da oso ezaguna. 2021era arte, Donostiako eta Pasaiako kaleetan ez zegoen hori gogoratzen zuen ezer. 2021eko abenduan monolito bat jarri zen hildakoen oroimenean Ategorrietako erlojuaren ondoan. Erreportaje honetan gertatutakoaren xehetasunak azaltzen dira: ‘Ategorrieta 1931, una memoria incómoda’.