GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Jon Etxabek 90 urte bete ditu gaur

Gaur 90 urte Jon Etxabe euskal apaiz eta politikari ohia jaio zen Altzolan, Elgoibarren. 1950eko hamarkadan apaiztu zen eta 1970ean Burgoseko prozesuan kondenatutako bat izan zen. 1977ra arte kartzelan egon zen.

Ezkerretik eskuinera, Itziar Aizpurua, Jon Etxabe eta Antton Karrera, Burgosen kondenatuak, eta Miguel Castells abokatua. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Mispilibar etxean jaio zen Jon Etxabe apaiz eta politikari ohia, Elgoibarko Altzola auzoan, 1933ko ekainaren 20an. Hamairu urterekin seminarioan sartu zen eta Saturraran, Gasteiz eta Donostiako apaiztegietan egon zen. 25 urterekin hasi zen apaiz moduan, Eskoriatzan.

1968an, Txabi Etxebarrieta hil ondoren, ETAn sartu zen, aurretik kide batzuei laguntzen hasia zen arren. Mogroviejon atxilotu zuten hurrengo urtean, Ione Dorronsoro, Enrike Gesalaga eta Teo Uriarterekin batera.

Burgosko prozesuaren barruan epaitu zuten, beste hamabost kiderekin batera, eta 50 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Zazpi urte eman zituen Zamorako apaiz-kartzelan eta hango bizipenak eta eguneroko bizitza kontatuz liburu bat argitaratu zuen 2014an, ‘Zamorako landan’.

Auzipetutakoen artean bi apaiz egon ziren, Etxabe bera eta Julen Kaltzada. Horren harira Jon Etxabek Argia aldizkariari 2014an eskainitako elkarrizketa batean honakoa azaldu zuen: «Eliza historian inplikatu izan da biolentzian. 1936ko Altxamendu Nazionala bedeinkatu zuen. Non babestu ziren Nafarroako erreketeak? Elizak Altxamendua antolatzeko lekuak izan ziren. Gerra bedeinkatu eta gotzain gehienak Francoren alde jarri ziren. Orduan, halako eskandalua apaiz batzuk pistolaz ibili zirelako frankisten aurka? Ni pistola hartuta ibili nintzela Francoren aurka? Talde armatu batean? Kontraesana dela? Baliteke. Baina elizaren praktika hori izan da, nirea ere horren barruan ulertu behar da. Nirea eta beste askorena».

Kartzelan egon ondoren euskal presoen aldeko mugimenduetan ibili da eta eskolako euskara irakaslea izan zen. Gainera, Servini argentinar epailearen aurrean jasandako torturei buruzko adierazpenak eman zituen.