GAUR8 - mila leiho zabalik

Maialen Martija, meteorologoa: «‘El Niño’-k asko baldintzatzen du Euskal Herriko klima»

«El Niño» eta «La Niña» fenomenoek Euskal Herriko kliman duten eragina ikertu du bere tesian Maialen Martija bizkaitarrak (Deustu, 1981), eta datuak aztertzerakoan aurkikuntza benetan aipagarriak egin ditu.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Eguraldia euskal herritar askoren hizketa gai izaten da egunero: igogailuan, kalean, tabernan… Aldaketa klimatikoak areagotu egin du interes hori, eta gure txokoko kliman eragin handia daukan ‘El Niño’ fenomenoari buruz tesia osatu du Maialen Martija meteorologo eta ikertzaileak (Deustu, 1981).

Baina, zer da zehazki ‘El Niño’ fenomenoa? «Ozeano Barean sortzen den fenomeno akoplatu bat da; Ekuatorean, Peru eta Ekuadorko kostaldean, hain zuzen ere, baina Australiako kostalderaino ere hedatzen da. Ozeano Barea ikaragarria da, erraldoia. Bertako itsasoko urek inertzia handia dute, tenperatura aldetik. Batzuetan berotzen hasten da, eta berrelikatu egiten da. Alegia, berotu eta berotu egiten da, eta neurtuta daukagun bertako batez besteko tenperatura gainditzen duenean, ‘El Niño’ esaten diogu. Tenperatura ohikoa baino baxuagoa denean ‘La Niña’ esaten zaio», azaldu digu Maialenek.

Eta bai, oso urruneko gertakari bat dela iruditu arren, fenomeno horiek eragina dute Europa mendebaldeko kliman, eta beraz, baita Euskal Herriko kliman ere.

«Nire tesian ENSO-k (‘El Niño’ eta ‘La Niña’) gure udan izan dezakeen eragina aztertu dut, horri buruzko ikerketa gutxi egin direlako. Egin direnek, gainera, Europan eraginik ez dutela diote. Osatu nuen lehen ikerketako emaitzek, ordea, ENSO-k Euskal Herriko udan ere eragin handia zeukala erakutsi zuten. Oso emaitza esanguratsuak izan ziren. Hainbesterako, nire tutorea harritu egin zela emaitzekin», aurreratu digu Martijak.

Aurkikuntza aipagarriak dira, eta horiei buruzko xehetasun guztiak larunbatean izango dituzue irakurgai GAUR8n luze eta zabal.