2023 UZT. 10 Gaur X urte Hildako bat 2009ko sanferminetako laugarren entzierroan Daniel Jimeno gaztea hil zen sanfeminetako entzierroan zezen batek adarra lepoan sartu ostean. Laugarren eguneko entzierroa izan zen, eta beste zortzi zauritu ere eragin zituen gutxienez. 2009ko uztailaren 10eko entzierroa. (Iñigo Uriz | FOKU) GAUR8 Sanferminetako laugarren entzierro eguna izaten da uztailaren 10ekoa; duela hamalau urtekoa, lutoz jantzitakoa izan zen. Izan ere, 2009ko entzierroan Daniel Jimeno Romero 27 urteko gaztea hil zen, Telefonicako parean zezenaren adarkaka bat lepoan jaso ondoren. Korrikalaria ospitalean ingresatu bazuten ere, ezin izan zuten ezer egin bizirik atera zedin eta ordu gutxira hil zen. Alcala de Henaresekoa zen hildako korrikalaria, baina Iruñekoak zituen gurasoak eta aiton-amonak; txikitatik omen zituen oso gustuko zezenak eta entzierroa, eta behin baino gehiagotan parte hartua zen.Garaiko kronikek jasotzen dutenaren arabera, «lasterketa dramatikoa» izan zen hasieratik, eta lau minutu eta 28 segunduko iraupena izan zuen. Protagonista nagusia «Capuchino» izeneko zezen gaztainkara izan zen, Udaletxeko plazan irrist egin eta hesiaren eskuineko aldean zeuden korrikalariei eraso egin zien. Hasieratik desorientatu omen zen, eta bakarrik jarraitu zuen lasterketa, gainerako zezenengandik metro batzuetara, eta ibilbidean zehar hainbat korrikalari jo zituen Mercaderesen, eta baita plazara sartzen den kalezuloaren jaitsieran ere.Bertan, hesiaren ezkerretara zegoen korrikalari bat irauli zuen eta behin baino gehiagotan egin zuen atzera, arrisku handiko uneak sortuz. Lau pertsona adarkadaz zauritu zituen eta beste zortzi Iruñeko ospitaleetara eraman zituzten, horietako bat izan zen Daniel Jimeno gaztea.