GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUko Global Training programak 60 beka eskaintzen ditu praktikak atzerrian egiteko

Eskaintza 30 urtetik beherako tituludunei zuzenduta dago eta deialdia irekita dago uztailaren 21tik irailaren 22ra. Aukerak oso anitzak dira eta zerrendan Hegoafrikako Biodibertsitatearen eta Garapenaren Institutua edo Estatu Batuetako Euskal Museoa aurki daitezke.

Zerrendan AEBetako zenbait eskaintza daude. (GAUR8)

Euskal Herriko Unibertsitateak 60 beka eskaintzen ditu datorren ikasturtean praktikak atzerrian egiteko, Global Training programaren barruan. Eskaintza hau 30 urtetik beherako tituludunei zuzenduta dago eta deialdia irekita dago uztailaren 21tik irailaren 22ra.

Beka horiek Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia eta Lakuako gobernuaren ekimena dira. Global Training programa hainbat erakunderen bidez kudeatzen da, eta beken eskaintza Basque Trade & Investment agentziaren webgunean kontsulta daiteke. Zehazki, Euskal Herriko Unibertsitateak 60 beka kudeatuko ditu.

EHUk bere webgunean dioenez, ‘Global Training’ programaren helburua «Euskal Autonomia Erkidegoko gazte tituludunen nazioz gaindiko mugikortasuna bultzatzea» da, eta horretarako proposatzen diete beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako praktika profesionalak atzerriko herrialdeetako enpresa eta erakundeetan 6-12 hilabetez egitea, «betiere aurrez prestakuntza praktikoko plan bat eratuta».

Aukerak oso anitzak dira. Ingeniaritzaren, teknologiaren, laborategien edota arkitekturaren arloko praktika profesionalak eskaintzen dira, baita garapen jasangarriarekin zerikusia duten praktikak ere, hala nola Nazio Batuen Munduko Itunen Sarean; kontserbazioarekin lotutakoak, Hegoafrikako Biodibertsitatearen eta Garapenaren Institutuan eta Hegazti Harrapariak Aztertzeko eta Kontserbatzeko Zentroan; kulturari buruzkoak, Estatu Batuetako Euskal Museoan eta Lisboako edo Limerickeko galerietan; eta genero berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin lotutakoak, Panamako NB Emakumeak erakundean edo Equimundo Globalen (Washington).

«Oso pozik gaude deialdiaren emaitzarekin, beste behin erakusten baitu gure unibertsitateak kalitateko proiektua aurkeztu duela. Hori dela eta, hainbat ezagutza arlotako 60 beka eskaini eta kudeatu ahalko ditugu», esan du M. Juncal Gutierrez Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak EHUko webgunean jasotako adierazpenetan.