2023 UZT. 31 Gaur X urte Gaur hiru urte hil zen Joan Mari Torrealdai, euskalgintzaren erreferentzia nagusietako bat Joan Mari Torrealdai, 2020ko uztailaren 31n hil zen azken hamarkadotan euskal kulturaren eta euskalgintzaren erreferentzia nagusietako bat izanda. Artxiboko irudia. 2018an Joan Mari Torrealdai Urrezko Luma saria jasotzen. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU) GAUR 8 77 urterekin zendu zen 2020ko uztailaren 31n Joan Mari Torrealdai, gaixotasunaren kontra luze borrokatu ostean. Lan handia egin zuen euskararen eta kulturaren arloan, eta lan hori egiteko dokumentaziori garrantzia berezia eman zion beti. Foruan jaio zen Joan Mari Torrealdai, 1942ko azaroan. Arantzazuko (Gipuzkoa) santutegiko frantziskotarretan ikasketak egin eta Okzitaniako Tolosan Teologian lizentziatu zen. Ondoren, ordena erlijiosotik bereizi zen. Euskal Herriko Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziaduna, Soziologia eta Zientzia Politikoetan doktoregoa lortu zuen Deustuko Unibertsitatean zentsura frankistaz egindako lanagatik. Aspalditik Usurbilen bizi zen Torrealdai. ‘Jakin’ aldizkariaren zuzendaria izan zen, 1967tik 2014 arte. Orduz geroztik Jakin Fundazioaren lehendakaria izan da, baita beste hainbat kargu ere: ‘Anaitasuna’ hamabostekariaren zuzendaria; Elkar argitaletxearen sortzailea, Elkar Fundazioaren Patronatuko kidea eta ‘Euskaldunon Egunkaria’-ko Administrazio Kontseiluko kidea eta lehendakaria, beste gauza askoren artean. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975eko ekainean, eta euskaltzain oso 2007ko azaroan. 2017an euskaltzain oso emeritu izendatu zuen. 2011n Jose Antonio Arana Martija zenaren lekua hartu zuen Azkue Liburutegiko arduradun gisa. Gainera, hainbat liburu argitaratu zituen: ‘XX. mendeko euskal liburuen katalogoa’ (1993an); ‘Euskal kultura gaur’ (1997); ‘El libro negro del euskera’ (1998); ‘Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena’ (1998); edo ‘Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura, 1936-1983’ (2000). 2003ko otsailean ‘Euskaldunon Egunkaria’-ren kontra burututako operazioan atxilotu zuten eta 2010ean kargu guztietatik absolbitu zuten, gainerako inputatuekin batera.