GAUR8 - mila leiho zabalik

Musika eta irisgarritasuna, Lekunberriko Antzinako Azokaren ardatz nagusiak igandean

Musika izango da Lekunberriko Antzinako Azokaren ardatz nagusietako bat. Musikari ibiltariez gain hainbat emanaldi izango dira iganden herriko kaleetan. Gainera, irisgarritasuna bermatzeko zenbait neurri hartu dituzte.

Aurten, Lekunberriko azokaren 27. edizioa izango da. (Plazaola)

Plazaolako Partzuergo Turistikoak eta Udalak bultzatuta, Lekunberriko Antzinako Azokak 60 artisautza postu baino gehiago bilduko ditu igandean ohiko jai giroan. Nabarmentzekoa da hitzorduak musikari emango dion presentzia, baita irisgarritasuna bermatzeko jarraituko dituen neurriak ere, Nafarroako Gobernuak irisgarritasuna eta inklusibitatea bultzatutako jarraibideekin bat eginez, azaldu dutenez.

Ezkil-jotzeak aginduko du igandean, 10.30ean, azokaren irekiera. Ordu horretan, musikari ibiltariek hartuko dute alde zaharra, eta kalejirak izango dira jarraian herrian barna. Txistularien eta trikitilarien ondoan erraldoiak eta buruhandiak ere ibiliko dira kaleetan zehar dultzaineroekin.

Egun osoan zehar, salmenta postuen eskaintzaz gain beste emanaldi batzuk izango dira musika eskaintzari dagokionean. Horietako bat 12.00etan izango da Udaletxearen aurrealdean. Bandera-dantza eta dantza eta musika emanaldiak izango dira bertan.

Ordubete beranduago Danserie Ensemble taldearen kontzertua izango da elizan, doan, eta arratdaldean, 17.30ean, Plaza Dantza eta dantza herrikoiak izango dira Ortzadar Euskal Folklore Elkartearen eskutik.

Aparkalekuak eta informazio gunea

Desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko hainbat neurri hartu ditu azokak. Mugikortasun urriko lagunen ibilgailuentzako aparkaleku espezifikoa egokituko dute Udaletxearen atzealdean.

Bestalde, informazio gune bat izango da entzumen desgaitasuna duten pertsonentzako. Bertan, indukzio bokale magnetiko bat egongo da, eta gogoratu dutenez, frontoiaren ondoan, azokatik gertu, komun egokituak daude.

Zabor bereizketan eta salgai dauden produktuen inguruko alergenoen gaineko informazioan ere sakonduko du hitzorduak, aurreratu dutenez.