GAUR8 - mila leiho zabalik

Bilboko Ingeniaritza Eskolaren ‘Formula Student Bizkaia’ proiektua lehena izan da diseinuan Silverstonen

Bilboko Ingeniaritza Eskolaren ‘Formula Student Bizkaia’ proiektuak lehen postua eskuratu du Silverstoneko lehiaketan diseinuaren modalitatean. Monoplaza elektriko baten diseinuan eta fabrikazioan aritzen dira ikasleak eta harekin lehiatzen dira zirkuitu ospetsuan.

‘Formula Student Bizkaia’ proiektuan parte hartu duten ikasleetako batzuk, irudian. (UPV/EHU)

Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek garatutako ‘Formula Student Bizkaia’ proiektuak lehenengo postua lortu du ibilgailu autonomoaren disenuan, Formula Student UK lehiaketan.

Hirurogei ikasle inguru eta hiru irakasleren lanaren emaitza da saria. Proiektuaren barruan, urtero, formula motako monoplaza elektriko bat diseinatu, fabrikatu eta horrekin lehiatzen dira.

«Proiektua lehendabiziko aldiz lehiatzen da ibilgailu autonomoaren modalitatean 15 urte luzeetako historian, eta debutean lortu du lehenengo saria diseinuaren modalitatean», zehaztu du EHUk ohar batean.

Palmares zabala izan du Eskolak azken urteetan. Ikasturte honetan, proiektuaren barruan ‘GidariA’ izeneko «made in Euskadi» lehenengo gidatze sistema autonomoa garatu dute. Ibilgailu automatizatu batera konektatuta, inguruko sentsoreen datuak aztertzen ditu adimen arifiziala erabiliz, «zirkuitoan modu autonomoan ibiltzeko erabaki egokiak hartuta».

Estandar berrienetan oinarrituta

Nabarmendu dutenez, automobilgintzaren industriaren estandar berrienetan oinarritzen da sistema. Diseinu onenaren aintzatespena jaso du Silverstoneko zirkuitu ospetsuko lehiaketan.

«Duela zenbait urtetik hona, Formula Student lehiaketak ibilgailu elektrikoekin edo barne errekuntzako ibilgailuekin parte hartzeko aukera ematen du, pilotu batek gidatuta. Horrez gain, ibilgailu autonomoentzako modalitate bat ere hartzen du barne, kontrol, erabaki eta adimen artifizialeko algoritmoen diseinua eta errendimendua ebaluatzeko, mugikortasunaren etorkizuna izango direlakoan», azaldu du EHUk.