GAUR8 - mila leiho zabalik

Hiru baseliza kontserbatzeko proiektuak lagunduko ditu Arabako Foru Aldundiak

Arabako hiru baseliza kontserbatzeko proiektuek jasoko dute Foru Aldundiaren laguntza: Erretes Tudelakoak, Baranbiokoak eta Etxabari Ibiñakoak. Elementu txikiak, ermitak eta eraikinak zaharberritzeko edota kontserbatzeko esku hartzeak bultzatea da helburua, nabarmendu dutenez.

Garrastatxuko baseliza, Baranbion. (Arabako Foru Aldundia)


Herrialdeko baselizak kontserbatzeko eta zaharberritzeko proiektuentzako dirulaguntzak onartu ditu Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak. Hiru egitasmok jasoko dute laguntza 2023an: Erretes Tudelakoak, Baranbiokoak eta Etxabari Ibiñakoak.

Elementu txikiak, ermitak eta eraikinak kontserbatzeko edota zaharberritzeko esku hartzeak sustatzea helburu duen laguntza lerroa ondare arkitektonikoa kontserbatzeko eta zaharberritzeko konpromisoaren isla da, azaldu dutenez.

Guztira, 100.000 euroko dirulaguntza da, toki erakundeek guztira 162.257 euroko inbertsioa egiten dute, eta, beraz, Foru Aldundiak bere gain hartzen du inbertsioaren % 61,63. Iaz, deialdiak lau proiektu babestu zituen, guztira 75.463 euro, eta aurten 100.000 euro, aurreko deialdiarekin alderatuta ia 25.000 euro gehiago.

Nabarmendu dutenez, deialdira dedikatutako zenbatekoa pixkanaka handituz joan da hiru ekitaldietan, eta 400.000 euro inbertitzen dira gaur egun.

Azken hiru ekitaldietan, 49 esku-hartze egin dira, eta Foru Aldundiak milioi bat euro baino gehiago inbertitu ditu. Gainera, aurreratu du aste honetan jakingo dela eraikinen eta elementu txikien dirulaguntzen ebazpena ere.