GAUR8 - mila leiho zabalik

Gorbeia Helmuga Turistikoak mendi ibilaldiak sustatuko ditu irailean eta urrian bisita gidatuen bidez

Hurrengo bi hilabeteetan zehar bisita gidatuen programa bat jarriko dute abian mendi ibilaldiak bultzatzeko. Larunbat eta igandeetan izango dira irteerak eta amaiera pintxo-potea izango dute herri ezberdinetan. Ekimenaren berri emango duen online kanpaina iragarri dute.

irudian, Gorbeiako gurutzea. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gorbeia Helmuga Turistikoak mendi ibilaldiak sustatuko ditu irailean eta urrian zehar egingo diren bisita gidatuen programa batekin. Lehenengoa datorren larunbatean, irailaren 2an, izango da, 11.00etan, Undurragako urtegia ezagutzeko.

Programazioak gorputz gehiago hartuko du iraileko eta urriko larunbat eta igandeetan egingo diren ekitaldi hauek sustatu eta horien berri emango duen online kanpaina baten bidez.

Bisita gidatuak mota guztietako publikoei zuzenduta daude eta ez dute gutxieneko parte hartzaile kopururik behar, baina plaza mugatuak dira.

Pintxo-potea eta prezioak

Prezioak lau euro, 12 urtetik gorakoentzat; bi euro, zortzi eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat; eta doan zortzi urtetik beherakoentzat izango dira.

Prezioan pintxo-potea sartuko da bisita amaitzean egiten den herrian. Trukea egingo dute Orozkoko Taberna Itxina, Otxandioko Danoena Taberna, Zeanuriko Txoko Sagarna, Zeberioko Taberna Zaharra, Areatzako The Quiet Corner eta Antzasti museoan, bere gourmet eremuan.

Undurragako urtegia, Areatzako hiribildua, Orozkoko auzoak eta istorioak, Dima eta ‘Antzasti museoa, emakumea eta eguneroko bizitza’, ‘Otxandio: Gorbeiako altxorrak’ edo ‘Ubide, antzinako galtzada’ dira ibilbide batzuen goiburuak, horien edukiak aurreratuz.