GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Burt Reynolds aktorea hil zen duela bost urte

1970eko hamarkadan Hollywooden izar izandako Burt Reynolds aktore, zinema zuzendari eta ekoizlea duela bost urte hil zen Floridan, Estatu Batuetan, bihotzekoak jota 82 urte zituela. Bere lan ospetsuenak XX. mendeko bigarren erdian egin bazituen ere, zendu zen arte egon zen lanean.

Burt Reynolds Emmy saria lortu zuen galan, 1991n. (Alan LIGHT | Flickr / Wikimedia Commons)

2018ko irailaren 6an zendu zen Burt Reynolds aktore, zinema zuzendari eta ekoizle estatubatuarra, bihotzekoak jota, 82 urterekin. Bereziki 1970eko eta 1980ko hamarkadetan izan zen ezaguna eta ‘Deliverance’ (1972), ‘White Lightnin’ (1973), ‘The Longest Yard’ (1974), ‘Smokey and The Bandit’ (1977), eta ‘The Cannonball Run’ (1979) pelikuletan egindako antzezpenengatik nabarmentzen da.

Bi Urrezko Globo irabazi zituen, bat zineman eta beste bat telebistan egindako lanagatik, Emmy sari bat eta Oscarrerako proposatu zuten. Zeresana eman zuen ere 1972an ‘Cosmopolitan’ aldizkarian guztiz biluzik agertu zenean.

Unibertsitatean zegoela hasi zen antzezpenarekin, futbol amerikarra alde batera utzi behar izan zuenean. Horrela, 20 urte baino gutxiago zituela antzerkian lanean hasi zen, New Yorken egon zen uda batez beka batekin eta lehendabiziko urte horietan Joanne Woodward, Charlton Heston eta John Forsythe bezalako aktore famatuak ezagutu zituen.

Marlon Brandoren antza izateagatik Hollywooden sartzeko zenbait oztopo izan zituen arren, zerbitzari, banatzaile, zamaketari, ontzi-garbitzaile eta atezain izan ondoren, ‘Navajo Joe’, ‘100 Rifles’, ‘The Best Little Whorehouse in Texas’ eta ‘Boogie Nights’ filmetan lan egin zuen bere ibilbide luzean zehar.

‘The Last Movie Star’ izan zen bere azkeneko lana aktore gisa, 2017an, handitasuneko urteak jada igaro dituen aktore baten istorioa kontatzen duen Adam Rifkin zuzendariaren film luzea.

Hil aurretik Quentin Tarantinoren ‘Once Upon a Time in Hollywood’ pelikulan George Spahn antzeztu behar zuen, baina ez zen grabaketaren datara bizirik iritsi eta Bruce Dern aktoreak hartu behar izan zuen erantzukizuna.