GAUR8 - mila leiho zabalik

Aurrerapen berriak, aplikazio potentzial handia duten grafeno nanozinten diseinuan

EHUko ikertzaileen parte hartzea duen lan batek aurrerapen berriak egin ditu doitasun handiko grafeno nanozintak ekoizteko metodoan. Lanak bide berriak zabaltzen ditu aplikazio potentzial handia duen materialarentzat, energian, elektronikan edota medikuntza irudian, besteak beste.

Mateo Alonso irakaslea buru duen taleko ikerlariak, irudian. (Polymat)

Polymat zentroari eta EHUri atxikitako Aurelio Mateo Alonso Ikerbasqueko ikertzailea buru duen ikerketa taldea, Alemaniako eta Portugaleko ikertzaileekin batera, doitasun handiko grafeno nanozintak ekoizteko garatu duten metodo berri bati buruzko artikulua argitaratu du ‘Chem’ aldizkariak.

Ohar batean EHUk gogoratu du grafenoaren aurkikuntzak aukera ugari zabaldu dituela material berrien garapenaren arloan, eta «tamaina nanometrikoko zintetan mozten denean (grafeno nanozintak), propietate elektriko eta magnetiko desberdinak dituzten materialak» lor daitezkeela, «zinten ertzak ebakitzeko moduaren nahiz zinten zabaleraren eta luzeraren arabera».

Nanozinta horien erabilerak aplikazio potentzialak garatzeko bide berriak zabaltzen ditu: «Material berri horiei esker, gailu elektroniko eta espintronikoak miniaturizatu ahal izango dira, eta hori funtsezkoa da elektronikaren zein konputazio kuantikoaren arloko teknologia berriak garatu ahal izateko».

Gailu elektroniko berrien garapena

Zintak zenbat eta luzeagoa izateak suposatzen duen eroankortasun elektriko handiagoak eraginkortasun handiagoko gailu elektroniko berrien garapenean lagun dezake, adibide gisa planteatzen dutenez.

Gainera, argia xurgatu eta igortzeko dituzten ezohiko propietateen ikuspuntutik, etorkizunean «grafeno nanozintak energian, LED teknologian, medikuntza irudian eta beste eremu batzuetan aplika» litezkeela zehaztu dute.