GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Gorbeiako nire txoko gogokoena’ lehiaketak baditu saridunak

Roke Rubio bizkaitarrak eta Ignacio Garcia arabarrak ‘Gorbeiako nire txoko gogokoena’ lehiaketaren lehenengo eta bigarren sariak lortu dituzte, hurrenez hurren. Argazkigintza digitalaren sormen gaitasuna suspertzearekin batera komunikazioaren biraltasuna baliatu nahi izan du ekimenak, Gorbeiako alderdi ederrenak erakusteko.

Ekimenak Gorbeiako paraje ederren irudiak bilatu ditu. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gorbeialdeko Landa Garapenerako Elkarteak eta Gorbeialdeko Kuadrillak antolatutako 'Gorbeiako nire txoko gogokoena' lehiaketaren irabazleak iragarri dituzte. Lehen saria, 200 eurokoa, Roke Rubio bizkaitarrak lortu du, eta bigarrena, 100 eurokoa, Ignacio Garcia arabarrak. #MiRinconFavorito, #GorbeiaEuskadi eta #EuskadikoBihotzBerdea traolekin aurkeztu diren 120 irudi baino gehiagoren artean izan dira sarituak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, deialdiaren helburua izan da herritarrek eta bisitariek argazkigintza digitalaren arloan duten sormen gaitasuna suspertzea, sare sozialetan eduki aberasgarria sortuz, erabilera arduratsuaren bidez.

Ekimenak sustapen helburu bat ere bete du, sare sozialen bidezko komunikazioaren biraltasuna aprobetxatuz eta Gorbeiako alderdi garrantzitsuenak erakutsiz. Horregatik, ilunabar bukoliko bat, gastronomia tipikoa duen plater bat, azoka egun bat edota Gorbeia Central Park bezalako esperientziak izan dira protagonistak.

Gainera, argazki irabazleak ‘Nire txoko gogokoena’ proiektuko Estatu mailako sariak irabazteko aukera izango du orain. 'Nire txoko gogokoena' proiektuak hirugarren urtea bete du 2023an; lehen bi edizioetan tokiko 50 lehiaketa bildu ziren eta 7.000 irudi baino gehiago aurkeztu ziren.