GAUR8 - mila leiho zabalik

’Irailekoak’, XXI. mendeko euskal poesiari eskainitako jaialdia Lekeition

XXI. mendeko euskal poesia aztertu, hauspotu eta dastatzeko jaialdia antolatu du Euskaltzaindiak Lekeition irailaren 30erako eta urriaren 1erako, bertako Udalaren babesarekin eta hainbat olerkari, musikari eta ikertzaileren parte hartzearekin.

‘Irailekoak’ jaialdia irailaren 30ean eta urriaren 1ean egingo dute Lekeition. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskaltzaindiak poesiari dedikatutako 'Irailekoak' jaialdia antolatu du irailaren 30erako eta urriaren 1erako, Lekeitioko Udalaren babesarekin eta herriko eragile batzuekin elkarlanean, XXI. mendeko euskal poesiak orain arte eman duena aztertzeko asmoz, besteak beste. Olerkari, musikari, kazetari eta ikertzaile ugarik parte hartuko du.

Egitasmoaren nolakotasunak Miren Agur Meabe euskaltzain osoak azaldu ditu gaur, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin den agerraldian. Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea, Antton de la Lama Kultura zinegotzia eta Andres Urrutia euskaltzainburua ere izan dira agerraldian.

‘Irailekoak’ Euskal Herri osoarentzat antolatuko da, «poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean», adierazi du Meabek. Esan duenez, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdi berriak: «Horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira ‘Irailekoak’ jaialdian».

«Azken urteotan euskal poesiak hartu dituen bideei buruz ere hausnartu nahi dugu, eta horretara dator Iratxe Retolazaren hitzaldi mamitsua. Horrez gain, han-hemengo poeten lana zehatzago ezagutzen ere lagundu nahi dugu, eta belaunaldi zahar eta gazteagoetako ahotsak eta adierazkerak erkatu», gaineratu du.

Aipatu duenez, ‘Irailekoak’ jaialdiarekin, euskal poeten lana gizarteratu nahi da, bai hitzaldien bidez, bai irakurraldien eta errezitaldien bidez. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute, eta horrela, katalanez idatzitako poesia garaikideko bi ahots esanguratsu izango dira Lekeition: Antonia Vicens eta Mireia Calafell.

«Perimetro poetikoak»

‘Irailekoak’ jaialdiaren egitaraua irailaren 30ean hasiko da, 11.00etan, Iratxe Retolazak Sociedad Recreativan eskainiko duen ‘Perimetro poetikoak XXI. mendean: neurtezinaren zirrimarrak’ hitzaldiarekin. Ondoren, 13.00etan, poesia errezitaldia eskainiko dute Aritz Gorrotxategik, Nerea Arrienek eta Eric Dicharryk, Inun musikariak lagunduta, San Juan Talakon.

Arratsaldez, 18.00etan hasita, errezitaldiak egingo dira Lekeitioko bost leku esanguratsutan, Beatriz Chivite, Itziar Ugarte, Jokin Erkoreka, Libe Goitia eta Martin Bidaur poeta gazteen eskutik; Andre Mariaren Jasokundearen elizaren aurrean, Dominiken konbentuaren aurrean, Herritarren ortuan, Abaroa lorategian eta Arranegi plazan izango dira errezitaldiak. Maite Larburuk 22.00etan Konpainiako elizan emango duen kontzertuarekin amaituko da lehen eguneko egitaraua.

Jaialdia urriaren 1ean jarraituko da. 11.00etan hasita, Sociedad Recreativan, Antonia Vicens poetaren eta Iñigo Astiz kazetariaren arteko solasaldia izango da lehenik, eta, 15 minutuko atsedenaren ondoren, Mireia Calafell poetaren eta Itxaro Borda euskaltzain osoarenarekin bukatuko da jaialdia.

Lekeitio, bertso-lerroz jantzita

Bestalde, Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko, udaldian garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko hormak eta erakusleihoak. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarniken bertsoak erakutsi dira.

Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, ‘Iraileko paperak’ aldizkaria plazaratuko da, «oroigarri intelektual-poetiko gisa». Aldizkaria jaialdian parte hartzen duten poeta eta ikusleen artean banatuko da. ‘Irailekoak’ egitasmoaren irudia Marina Suarez Ortiz de Zarate artista eta antzerkigile arabarrak diseinatu du.