2023 IRA. 28 Gaur X urte NASAk ur likidoa aurkitu zuen Marten 2015ean Gaur zortzi urte Marte planetan ur likidoa aurkitu zuten. Aspalditik zuten ura zegoenaren arrastoa, baina hipotesi guztien arabera, gauean ur likidoa egon arren, egunean zehar lurrundu egiten zen, baina ur-jauzien arrastoei jarraika aurkitu zuten ura. Ura aurkitu zuten Marten duela zortzi urte (NASA) GAUR8 Duela zortzi urte NASAk argitara eman zituen irudi batzuk zeinetan ehundaka metrotara irits daitezkeen ur-jauzien arrastoa erakusi zuten. Arrasto horiek gatzarenak ziren, eta ur gazia bertan egon zitekeela ondorioztatu zuten berehala. Azken urteetan erresoluzio handiko irudietan ikusi izan da Marteko aldapa batzuetan periodikoki arrasto ilun batzuk agertzen eta desagertzen direla, eta horiek ziren ur gaziaren arrastoak. Azaldu zuten hilabete epelenetan aktiboak eta udazkenean desagertzen direnak zirela arrasto horiek, azaleko tenperatura hozten den heinean. Aurkikuntza egin zenean zientzialariek adierazi zuten ez zeudela ziur nondik zetorren ur hori, lur azpiko izotzetatik, akuifero gazietatik edo Marteko atmosfera mehearen kondentsaziotik. Curiosity robotak Gale izeneko kraterrean egindako analisiak tarteko jakin zen Marten ur likidoa dagoela. Eta zientzialariek bertako ingurumen baldintzak aztertuz ondorioztatu zuten aspalditik hipotesia izan zena: gauez soilik dago ura, egunsentiarekin batera lurrundu egiten baita. Eta Curiosityk gauez lanik ezin duenez egin, ezin izan dute zuzenean ikusi. Hala ere, Mars Reconnaissance Orbiter zundaren irudiei esker planetaren azalean gatz hidratatuak aurkitu zituzten, ura lurrundu eta gero gelditzen diren hondarrak, alegia.