2023 IRA. 29 Elhuyarrek «Erresistente» dokumentala egin du, antibiotikoekiko erresistentziaren arazoa mahai gainean jartzeko Elhuyarrek «Erresistente» dokumentala egin du, antibiotikoekiko erresistente bihurtu diren bakterioen arazoa mahai gainean jartzeko helburuz. Egungo osasungintzaren oinarri diren antibiotikoak gehiegi eta modu okerrean erabiltzearen ondorioa da mundu mailako arazoaren iturburua. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. Amagoia Mujika Duela ia ehun urte asmatu ziren antibiotikoak, eta egungo osasungintza ereduaren oinarria dira. Antibiotikoei esker, lehen hilgarriak ziren infekzioak sendatzeko bidea zabaldu zen. Baina gizakien, animalien eta landareen bizi iraupenean hain funtsezko eta oinarrizko den botika mundu mailako osasun arazo baten iturburu bihurtu da. Antibiotikoak gehiegi eta gaizki erabiltzeak ondorio larria ekarri du: antibiotikoekiko erresistentzia. Elhuyarrek “Erresistente” dokumentala egin du gai horren gainean, planeta osoari eragiten dion arazo bat mahai gainean jarri asmoz. Datuak ez dira nolanahikoak. Bakterio erresistenteen arazoak zirkulazio-istripuek baino pertsona gehiago hiltzen ditu gaur egun, eta aurreikuspenak oso ilunak dira. Osasun Mundu Erakundearen arabera, 2050ean superbakterioak mundu osoan egongo dira eta minbiziak baino heriotza gehiago eragingo dituzte. Bego Zubia Gallastegi da “Erresistente” dokumentalaren gidoigilea eta zuzendaria. «Dokumental hau kazetarion harriduratik sortu da; izan ere, ikertzaileek badakite aspalditik hau gertatzen ari dela. Pandemiaren aurretik, “Teknopolis” telebista programan saio bat eskaini genion erresistentziaren arazoari eta asko harritu gintuen ikusteak nola hartzen duen planeta osoa eta nola inplikatzen gaituen bizidun guztiak». Hartara, gaiak sakonago eta zabalago lantzea merezi zuela pentsatu zuten. Hortik, dokumentala. Bihar, zabalago landuko dugu gaia GAUR8 astekarian.