2023 URR. 05 Gaur X urte Gaur 17 urte hil zen «Maria Txindurri» abeslari eta euskaltzalea Hainbat irratsaio eta grabaziotan hizlari izandakoa, ahozko testigantzen bidez abesti eta herri ohituren berri eman zuen bizkaitarrak. Ermuan nahiz inguruetan 36ko gerraren aurretik bizimodua nolakoa zen azaltzeko aukera izan zuen hedabide desberdinetan. «Maria Txindurri», XX. mendearen kronista aparta. (ANITXU | WIKIPEDIA) GAUR8 Maria Bengoetxea Isasi-Isasmendi, "Maria Txindurri" ezizenez ezaguna, Ermuan jaio zen 1906ko azaroaren 1ean, eta Euban eman zuen azken hatsa 2006ko urriaren 5ean, gaur 17 urte. Hainbat irratsaio eta grabaziotan hizlari izandakoa, ahozko testigantzen bidez abesti eta herri ohituren berri eman zuen euskaltzale bizkaitarrak. Maria Bengoetxea Ermuko Izelaieta kaleko 8. zenbakiaren lehenengo solairuan jaio zen. Guillermo Bengoetxeak eta Luzia Isasi-Isasmendik osatutako bikote ermuarrak izan zituen hamar seme-alabetan adin nagusira ailegatutako bietako bat izan zen Maria. Bai Guillermo eta bai Luzia abeslari finak izan ziren. Mariak txikitatik jaso zuen ahozkotasun aberatsa: abestiak, kontakizunak, gertaerak… Zazpi urteko neskatotxoa zela, puntua egiten ikasi zuen, eta, laboreren bat eskuetan zuela, aita eta amaren kantu, bertso eta ipuinak entzutea maite zuen. Kantuetarako aparteko memoria zuenez, ikasitakoak betiko gordetzeko ahalmena izan zuen, edozein egoeratan eta gehiegi erregutu gabe abesteko prest agertuz. Memoria horri esker gorde ahal izan da bere gazte garaiko ondarea. Bere oroitzapen eta bizipenak partekatzeko prest egoten zen, eta Ermuan nahiz inguruetan 36ko gerraren aurretik bizimodua nolakoa zen azaltzeko aukera izan zuen hedabide desberdinetan: Ermuko Cable Spot telebistan, EITBn, Arrate Irratian, Euskadi Irratian, Ermua eta Mallabiko Drogetenitturri aldizkarian, Euskal Herriko Ahotsak egitasmoan… Bere testigantzak aurkitu daitezke, esaterako, Fernando Aranberriren “Ermua eta Eitzagako euskara” lanean eta baita “Ermua-Eitzaga. Leku-izenak. Geure izanaren barrena” liburuan ere. Bere abesti batzuk jasoak daude Mikel Sangroniz eta Mireia Ozerinjauregik argitaratutako “Eibar kantuan” bilduman, eta baita Estibalitz Gonzalezen “Lapikotxiki. Kantuz kulunkatzen” ume-kantutegian ere. Halaber, Ermuko Alboka Musika Eskolak eta Drogetenitturri aldizkariak bultzatutako "Bertako kantuak" egitasmoaren oinarri dira Mariari jasotako herri-abestiak. Gainera, Maria eta Gillermo Bengoetxearen omenezko izena darama 1975. urtean Ermuan sortutako Txindurri Dantza eta Txistu taldeak. Ehun urte betetzear zela hil zen Maria Bengoetxea 2006an.