GAUR8 - mila leiho zabalik

Mirotz zuriaren bi txita askatu dituzte Aberasturin

Mirotz zuriaren bi hegazti askatu dituzte Aberasturiko parajean. Hegazti biak abuztuan harrapatu zituzten zerealaren uztaren amaieran, oraindik hegan egiteko gai ez zirenean, zereala biltzeko makinek harrapa ez zitzaten.

Mirotz zuriak aske utzi dituzte Arabako Foru Aldundiko eta Udaleko ordezkarien presentziarekin. (Arabako Foru Aldundia)

Mirotz zuriaren bi txita askatu dituzte gaur Aberasturin, jaio ziren herrian bertan. Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Hontza elkartearen laguntzarekin bultzatutako esku hartzea da. Txita horiek abuztuaren 2an aurkitu zituzten Aberasturin, zerealaren uzta amaitzear zegoenean.

Inguruan hegaztien detekziorako egiten den kanpainari esker galsoro batean zegoen habia aurkitu zuten, azaldu du Foru Aldundiak. Nekazaritzako ustiategiko arduradunarekin harremanetan jarri eta uztaldia ahal beste atzeratzea izan zen lehen urratsa. Zereala bildu behar zuten egunean jaso zituzten hiru txitak «uzta biltzeko makinak harrapa ez zitzan, oraindik ez zirelako hegan egiteko gai».

Ordutik Martiodako Faunaren Suspertegian egon dira habian aurkitutako hiru mirotzak, hegan egiteko gaitasuna lortu eta ehizatzen ikasi arte. Berritasun modura, gainera, GPS igorgailuak jarri dizkiete hegaztiei haien mugimenduen jarraipena egiteko.

Arrak dira gaur askatutako bi hegaztiak eta hirugarren anai bat zuten, lehenago askatua izan zena «horretarako baldintza egokiak zituelako eta hura zelako horretarako unerik onena». Gertuko toponimiatik hartu dituzte izenak: Orgazi, Orrobi eta Tximisu.

Mirotz zuria interes bereziko espezie giza katalogatuta dago EAEn, eta Araban bakarrik ugaltzen da. «Nekazaritzako jarduerarekiko oso espezie sentsiblea da; izan ere, uztaldia aurreratzeak habiak honda ditzake txitak oraindik hegan egiteko egoeran ez daudenean. Bizi dugun klima-aldaketako egoera dela eta, gero eta ohikoagoa izaten da uzta biltzeko lanak aurreratzea. Horren ondorioz, belaunaldi berriak galtzen ari dira», azaldu du Miren Fernandez de Landa zinegotziak.