GAUR8 - mila leiho zabalik

Estaturik gabeko herrien musika eramango du Galdakaora Musika Bizian jaialdiak

Urriaren 27an eta 28an Estaturik gabeko herrialdeen kulturen erakusleiho izango da berriz Galdakao Musika Bizian jaialdiari esker. The Stowes (Kornualles), Startijeen (Bretainia), Gipsy Groove (Kosovo) eta Gozategi eta Mconak talde euskaldunak dira edizio honen gonbidatuak.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Estaturik gabeko nazioen kulturei eta bereziki musikari eskainitako Musika Bizian jaialdiak Galdakaoko kaleak hartuko ditu urriaren 27an eta 28an. Kontzertuak izango dira gauez ostiral eta larunbatean, egunean zeharreko hainbat jarduerarekin batera. «Hizkuntza eta kulturgintza gutxiagotuetako herrialdeetako» musika plazaratu eta «munduko kultur aniztasuna islatzea» da helburua.

2014tik antolatzen du jaialdia Andra Mari Eusko Dantzari taldeak eta urte batean baino ez du hutsik egin, pandemiagatik ezarritako neurriek behartuta. Euskal kultura plazaratzea 65 urte dituen dantza taldearen erronka nagusietako bat izan da. Jaialdia Euskal Herriaren egoera bertsuan dauden herrien kulturei ikusgarritasuna emateko aukera bat zen. Horrela jaio zen Musika Bizian eta bederatzigarren ediziora heldu da, estaturik gabeko nazioen musika, hizkuntza eta kulturentzako erakusleiho bilakatuz.

Kornualles-eko (Kernow, kornubieraz) The Stowes taldea, Bretainiako Startijeen eta Kosovoko Gipsy Groove dira aurtengo gonbidatuak, Gozategi eta Maconak euskal tadeekin batera.

Kaleak girotuko dituen taberna ibiltari batekin berotuko dituzte motorrak ostirala (hilak 27) 19.00etatik aurrera, eta kontzertu bikoitzak zabalduko du jaialdia gauean, folk tradizional zeltatik edaten duen The Stowes taldearekin eta Gozategirekin.

Luthier azoka larunbatean

Luthier azoka eta musika erakusladiarekin abiatuko da egitaraua zapatuan, Iturrondon, 12.00etatik aurrera. Andrea Pissu&Giancarlo Seu (Sardinia), Jean Baudoin (Gaskonia) eta Jachia (Galiza) dira gonbidatuak Ezpela (Berriozar), Osses Albokak (Otazu), Jotzen Perkusioak (Zeanuri), Katxarrismos (Portugalete), Trintxa Zulanketa (Galdakao) eta Koldo Telleria (Galdakao) euskaldunekin batera.

Umeentzakko musika tresna tailerra eta zuzeneko emanaldiak izango dira hari-instrumentuen sorrerarekin lotutako azoka horretan. Aurreratu dutenez, doinu galegoek hartuko dituzte kaleak, eta txosnan taloak afaltzeko aukera egongo da.

Arratsaldean, einGOk girotuko ditu kaleak eta gaueko kontzertuan (21.00etan) Startijenn bretainiarrak, Gipsy Groove kosovoarrak eta Mconak euskaldunak igoko dira oholtzara.

Parte hartzera animatu du Andra Mari taldeak, zuzeneko kontzertuen apustua eta kultura txikituen tokia aldarrikatzeko aukera dela nabarmenduz.

Galdakaoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du jaialdiak. Iñigo Hernando alkateak bertaratzeko gonbita luzatu du, hitzordua Estaturik gabeko herrien musikaren erreferente bihurtu dela azpimarratuz, eta Leixuri Arrizabalaga Kultura diputatuak kulturartekotasuna nabarmendu du baita instituzioen eta elkarteen arteko elkarlana goraipatu ere.