GAUR8 - mila leiho zabalik

Abian da artisau jarduera bultzatzea helburu duen Blas Arratibel sariketa

Blas Arratibel artisau lehiaketaren 37. edizioa jarri du abian Arabako Foru Aldundiak. Profesional gisa erregistratuta daudenak eta ez dauden profesionalak aurkez daitezke deialdira. Lanak urriaren 25, 26 eta 27an aurkeztu behar dira BIBAT museoan.

Artisautzari balioa eman eta profesionalen arteko ezagutza bultzatu nahi du sariketak. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

EAEko artisauei zuzenduta, Arabako Foru Aldundiak antolatzen duen Blas Arratibel lehiaketak bi kategoria bereizten ditu: artisau izaera aitortuta duen profesionalentzako bat, lehenengoa, eta profesional gisa erregistratuta ez dauden lagunentzako beste bat.

Artisau jarduera bultzatzeaz gain profesionalen arteko ezagutza eta esperientzien trukea bultzatu nahi du deialdiak. Era berean, «tokiko kultura eta tradiziozko lanbideen transmisiorako funtsezko sektore baten lanari balioa eman» nahi diote, adierazi dutenez.

Lanen aurkezpena, goizez

Sariketan parte hartzeko, urriaren 25ean, 26an eta 27an aurkeztu behar dituzte lanak BIBAT museoan, Gasteizko Aiztogile kalean, 10.00etatik 14.00etara. Pieza tradizionalak zein sortu berriak eta «izaera berritzailegoa dutenak» aurkez daitezke, zehaztu dute Foru Aldundiko iturriek.

Sariei dagokienez, 3.500 euroko saria emango da lehenen kategorian, artisau izaera aitortuta duten profesionalenean, eta 1.500 euroko sari bat bigarren kategorian, profesional gisa erregistratuta ez daudenentzat.

Lehiaketaren 37. edizioa da abian jarri dutena, eta aurkeztutako piezak, Gasteizo Alde Zaharreko museo horretan egongo dira ikusgai azaroaren 14tik abenduaren 10era bitartean.