GAUR8 - mila leiho zabalik

Bizkaiko ikastetxeei zuzendutako ‘Jakin-mina’ hitzaldi programa berria aurkeztu dute

Hitzaldi ziklo berri bat antolatu du Jakiundek Bizkaian ‘Jakin-mina’ programaren barruan. DBHko ikasleei eskainita, arlo eta gai ezberdinak jorratuko dituztela azpimarratu dute antolatzailek.

Iñaki Goirizelaia dago programak gonbidatutako hizlarien artean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Eskola programen barruan landu ohi ez diren edukiak jorratzen ditu Jakiundek antolatzen duen ‘Jakin-mina’ programak. Horren edizio berri bat aurkeztu du gaur, askotariko gaiak eta gaurkotasun handikoak direla nabarmenduz.

Ikasleei «beren ezagutzak zabaltzen laguntzea eta ikasketa aukeratzean hobeto orientatu ahal izatea» dira helburu nagusiak. Aurtengoa 19. edizioa da, eta dagoeneko 2.000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte «erakutsitako gogobetetasunak bermatuta», azaldu dutenez.

Programak hamabost hitzaldi eskainiko ditu Bizkaian, hiru ziklotan banatuta. Eskola ordutegitik kanpo izango dira eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez emango dira.

Jose Antonio Mujika Alustiza EHUko Historiaurreko irakaslea eta Jose Miguel Barandiaran Katedraren zuzendariak megalitoei eta espazio sakratuei buruz eskainiko duen hitzaldiak zabalduko du programa azaroaren 3an, Arkeologia Museoan.

Programa hasierako hitzorduek bilduko dituzten hizlarien artean, Iñaki Goirizelaia EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Komunikazio Ingeniaritza Saileko irakaslea eta Jakiundeko kidea ere badago, besteak beste.

Garunak portaeran nola eragiten duen, arrantza eta jasangarritasuna edota sormena bezalako gaiak jorratuko dituzte.

DBHko lauzpabost ikasle

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako lauzpabost ikasle inskribatu ahal izango ditu ikastetxe bakoitzak. Programa amaitzean, gainera, bertaratze-ziurtagiri bat jasoko dute ikasleek zikloko bost hitzaldietatik lautan parte hartu dutela egiaztatzen badute.

Deustuko Unibertsitateko La Comercial-DBSko 5 gelak, Bizkaia Aretoak eta Arkeologia Museoak hartuko dituzte hitzaldiak.