GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Rosa Parks, autobusean eserlekua zuri bati utzi ez zion emakume kementsua

Eskubide zibilen aldeko ekintzaile nekaezina, Rosa Parks (1913ko otsailaren 4a - Detroit, 2005eko urriaren 24a) historia aldatu zuen emakumeetako bat izan zen. Eta autobus batera igo zenean aldatu zuen. Gaur 18 urte beteko dira hil zenetik, 92 urte zituenean.

Rosa Parks irudi historiko batean: autobusean, atxilotua izan aurretik. (AFP)

1955ean, Rosa Parksek 42 urte zituen. Afroamerikarra zen, Alabamako Montgomery herriko biztanlea eta irakasle baten alaba. Lanbidez, jostuna. Horrez gain, Koloretako Herriaren Aurrerapenerako Elkarte Nazionaleko (National Association for the Advancement of Colored People, NAACP) idazkari eta laguntzailea zen.

Garai hartan, AEBetan, eta batez ere hegoaldean, beltzek debekatua zuten zuriekin leku publikoak partekatzea: eskolan, jatetxean, itxarongelan... beltzek beraien toki ‘propioak’ zituzten eta ‘soilik zuriak’ edo ‘beltzik ez’ kartelei adi behar zuten egon. XIX. mendeko esklabotasunetik jasotako Jim Crown izeneko legediarekin, afroamerikarrak gizartearen bazterrean utzi nahi zituzten.

Rosa Parks bezalako borrokalariek argi zuen gauzak aldatu behar zituztela. 1955eko abenduaren 1ean, autobus publiko bat hartu zuen etxera itzultzeko. Orduan, guneak lerro batekin seinalatuta zeuden: zuriak marraren aurrean eta beltzak, atzean. Parks erdiko eserlekuetan eseri zen, zuririk ez baleude, beltzek erabili zezaketen eta toki hura. Bat batean, gidariak tokiz aldatzeko agindu zion, gazte zuri bati bere lekua uzteko. «Hark ez zuen jarlekurik eskatu», esan zion Parksek BBCri gero. Ondoan zituen beltzak jaiki ziren, baina Rosa ez.

«Egun hartan nekatuta nengoen. Amore emateaz nazkatuta», zioen. Kalabozoan pasatu zuen gaua, ordena publikoa haustea leporatuta, eta hamalau dolarreko isuna ordaindu zuen. Orduan, haserre eta nazkatuta ere, Martin Luther King izeneko apaiz gazte eta ezezagun batek protesta ekitaldiak antolatu zituen Montgomeryko autobus publikoetan. Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua piztu zuen Rosa Parksek bere ekimen xumearekin.

1956ko azaroaren 13an, AEBetako Auzitegi Gorenak autobusetako segregazioa amaitzeko erabakia hartu zuen. Abenduaren 1a Estatu Batuetako eskubide zibilen aldeko borrokaren data historikoa bihurtu da.
Parks eskubide zibilen mugimenduaren ikono bilakatu zen. 1960ko hamarkadaren hasieran Detroit-era (Michigan) joan zen bizitzera eta han John Conyers demokrataren ordezkari izan zen 1965etik 1988ra.
Rosa Parks 2005eko urriaren 24an hil zen, 92 urte zituela. Azken urteak etxean igaro zituen, 2004an dementzia diagnostikatu ziotelako.
2005eko urriaren 30ean bere gorpua Kapitolioko biribilgunean omendu zuten. Ohore hau jaso zuen lehen emakumea eta bigarren afroamerikarra izan zen.