GAUR8 - mila leiho zabalik

Arrain egokiena aukeratzen laguntzeko gida osatu du AZTIk

Europako nutrizio behar espezifikoen, arrain espezieen nutrizio osaeraren eta kutsatzaileen arabera arrain egokienak hautatzen laguntzen duen gida plazaratu du AZTI zentro teknologikoak, ‘SEAwise’ proiektuaren barruan.

AZTIren gidak arrainen kontsumoan jartzen du fokua, behar ezberdinak kontuan hartuz. (AZTI)

Arrainen kontsumoan zentratuta, kontsumitzaileak asteroko erosketarako gomendioak ematea helburu duen gida argitaratu du AZTI euskal zentro teknologikoak. Ekimena Europako ‘SEAwise’ proiektuaren barruan dago, eta hurrengo planteamenduari erantzun nahi dio: arraina elikagai-iturri garrantzitsua izanik, zer arrain jan beharko genuke?

Osasun-beharren araberako aukerarik onenak hautatzeko informazioa eskaintzen du ‘SEAwise’ egitasmoaren erronkarekin bat eginez, «osasun behar espezifikoak asetzen dituen elikagai-sorta egoki bat aukeratzen laguntzea».

Gogoratu dutenez, elikadura behar espezifikoak aldatzen doaz adinarekin, haurdunaldian..., eta ezberdinak dira kokapen geografikoaren arabera, adibidez. «Zenbait mantenugairen falta, iodoarena esaterako, ohikoagoa da herrialde batzuetan beste baztuetan baino», zehaztu dutenez.

Gida «Europako populazioen nutrizio-beharrei, hainbat arrain motaren nutrizio-osaerari eta bertan egon daitezkeen kutsatzaileei buruzko datuetan oinarritzen» dela azaldu dute.

Lau zonalde bereizten ditu

Kontsumitzaileei gomendio orokor bat emateaz gain, «merkatuan eta supermerkatuan dauden arrain-espezieetan oinarrituta», lau zonalde ezberdintzen dira: Mediterraneo itsasoa, mendebaldeko urak, Ipar itsasoa eta Baltiko itsasoa.

«Eskualde ikuspegi hori ‘SEAwise’-ren itsas elikagai osasungarrien gida babesten duen ikerketan aplikatu zen, eta eskualde horietan harrapatutako espezie komertzial nagusiak hartu zituen ardatz. Taldeka nazio mailako datuak ere aztertu ditu, eta horri esker, Europako herrialdeek indibidualki gehiago pertsonaliza ditzakete espezieak», azaldu dute euskal zentroko iturriek ohar batean.

Ikerketa taldeak egin duen oharra ere aipatu dute, Itsaso Baltikoan harrapatutako arrainean dagoen kutsatzaile ugariren harira. Kasu horri begira, azaldu dute «kutsatutako arrainen kontsumoa gehienez ere astean behin mugatzea gomendatzen» dela, eta sardina eta izokin basatia espezieak aipatu dituzte, besteak beste.