GAUR8 - mila leiho zabalik

Julen Arburua, «pozik» Ordizia Txapeldun gazta lehiaketa irabazi ostean

«Laguntza handia da egunerokoan lanean pozik eta gustora jarraitzeko. Salmenta aldetik ere laguntzen du. Eta gaur egun ederra pasa dugu beste artzainekin», adierazi du Lekarozko gaztagileak.

Julen Arburu irabazlea erdi-erdian, lehiaketa amaieran ateratako familia argazkian. (IDIAZABAL GAZTA)

«Pozik, ezingo dugu besterik esan. Lehen saria irabazita ezin gehiago eskatu», adierazi du Julen Arburua artzainak "Ordizia Txapeldun" gazta lehiaketa irabazi ostean. Irabazi bakarrik ez, 8'5 puntutik gora biltzen dituenari bakarrik ematen zaion "Urrezko gazta" ere jaso du lekaroztarrak, 8'93 puntu bildu baititu.

«Otsailaren 24ko gazta bat da, jada hilabete batzuk badituena. Ketzeko astirik ez du izan eta azkenean naturala ekarri dugu», azaldu du nafarrak bere gaztaren inguruan galdetuta. Aipagarria da berak aurkeztutako beste gaztak laugarren postua eskuratu duela.

Bigarren eta hirugarren postuak Ondarre baserriko gaztentzat izan dira: 8'70 puntu bildu ditu Karmele Muruaren izenean aurkeztutakoak eta 8'47 Eneko Goibururenak.

Bere gaztaren sekretuaz galdetuta, Arburuak aipatu du gatzagia izan daitekeela gakoa. «Gatzagia zeukan dezente, eta pentsatzen dut agian indar hori gustatu zaiela, baina galdera hori katatu dutenei egin behar zaie».

«Garrantzitsua izaten da gaztak hilabete batzuk izatea. Usain garbi bat izatea, gatzagi zaporea markatzea eta testura on bat izatea. Gero, batzuetan asmatzen da eta beste batzuetan ez. Etxean iruditzen zaiguna ekartzen dugu», adierazi du artzainak.

Lehen Ordizian irabazitako gaztaren antzekoa egiten saiatzen ote den galdetuta, Arburuak nabarmendu du «gazta denak desberdinak» direla, «eginaldi guztiak desberdinak» direla. «Nahiz eta antzeko linea bat izan beti daude desberdintasunak».

Eta sarien garrantzia aipatu du. «Laguntza handia da egunerokoan lanean pozik eta gustora jarraitzeko. Salmenta aldetik ere laguntzen du. Eta gaur egun ederra pasa dugu beste artzainekin. Hori da garrantzitsua, denok elkarrekin egon, gosaldu, Kofradiakoekin bazkaldu eta egun polit bat pasa. Goizean lan pixka bat egin dugu, gero beste apur bat egingo dugu, egun desberdin bat pasatzeko aukera».

Azkenik, eta iazko uda lehorraren ostean, aurten lasaiago ibili direla esan du. «Aurten uda ona izan dugu eta iazkoa hobe ahaztea. Horrelako asko ez ezagutzea hobe. Aurten hobeto. Belarra egon da orain arte. Azken egunotan apur bat lehortu da hego haizearekin baina berriz euria izan dugu eta pozik».