2023 URR. 27 Gaur X urte Ameyo Stella Adadevohk, Nigerian ebola geldiarazi zuen medikuak, 62 urte beteko zituen gaur Ameyo Stella Adadevoh (1956-2014) nigeriar medikuak 62 urte beteko zituen gaur, urriak 27an. Baina ebolarekin kutsatuta hil zen, hainbat bizitza salbatu ostean. Zero gaixoa (Patrick Sawyer) koarentenan jarri zuenean, ebola birusaren hedapena geldiarazi zuen Nigerian mediku honek. Ameyo Stella Adadevoh doktorea 57 urterekin hil zen. (AFP) GAUR 8 Ebolaren birusaren gaixotasunaren hilgarritasuna %90era irits daiteke. Ikaragarria, beldurgaria oso. 2016. urteko ebola-izurriteak, orain arte ezagutzen den gaixotasun honen agerraldirik handienak, 11.000 hildakotik gora eragin zituen Mendebaldeko Afrikan. Ameyo Stella Adadevoh (1956-2014) kementsuak ebolaren aurkako borroka irabazi zuen, baina bizitza galdu zuen. Ameyo Stella Adadevoh Lagosen jaio zen, Nigerian, 1956ko urriaren 27an, tradizio politiko eta zientifiko handiko familia batean. Herbert Samuel Macaulay zuen aitona, nigeriar abertzaletasunaren sortzailea. Amaren aldeko osaba, Nnamdi Azikiwe, Nigeriako lehen presidentea bihurtu zen 1963an, eta herrialdearen historian gehien errespetatu den politikarietako bat izan da. Bere aita, Babatunde Kwaku Adadevoh, nazioarteko hainbat erakunderen mediku, zientzialari, irakasle eta aholkulari ezaguna izan zen. Alabak medikuntza ikasketak egin zituen Lagosen eta Ingalaterran. 21 urtez, First Consultant Medical Centre izeneko ospitale pribatu batean aritu zen Lagosen, endokrinologo legez. Ospitaleak mundu osoko komunikabideetako titularretara egin zuen salto, 2014ko uztailaren 20an, bertan Nigeriako ebolaren birusaren krisiaren lehen kasua edo zero gaixoa antzeman zutenean. Zero gaixoa Patrick Sawyer jatorri liberiarreko AEBetako diplomatikoa zen. Liberian koarentena hautsi ondoren, Mendebaldeko Afrikako Estatuetako Ekonomia Erkidegoak (CEDEAO) Kalabarren egindako konferentziara joan zen, Lagosetik 750 kilometrora. Monroviatik Lagosera itzuli zenenean, aireportura iritsi bezain laster konortea galdu zuen. Sawyerek sukar handia, ondoeza eta gorakoak zituen. Lehen diagnostikoa, malaria. Ospitalean, Ameyo Adadadevoh-ek bisitatu zuenean, ebola kasu bat izan zitekeela susmatu zuen, eta bere gain hartu zuen gaixoaz arduratuko zen talde medikoaren erantzukizuna. Ez berak, ez herrialdeko beste edozein profesionalek ez zuten ebola bertatik bertara ezagutzen. Ez zen lehen aldia Adadevohek osasun-krisi bati aurre egiten ziona. 2012an, H1N1 birusa (zerri-gripea) Nigeriara zabaldu zenean, hura diagnostikatzen lehena izan zen. Sawyer koarentenan jarri zuen, diplomatikoak eta Gobernuak aurka egin zioten arren, eta honi esker inguruko herrietan ez bezala (Ginea, Liberia eta Sierra Leona), Nigerian ebola-kasuak 20ra mugatu ziren, guztiak transmisio-bide bakarrekoak: zero pazientea. Kutsatutakoak 11 osasun profesionalak ziren; horietako sei bizirik atera ziren eta bost hil ziren, Adadevoh bera barne. 57 urte zituen. Munduko Osasun Erakundeak Nigeria ebolarik gabeko lurraldea deklaratu zuen 2014ko urriaren 20an, krisia hasi eta hiru hilabete eskasera, 42 egunetan infekziorik izan ez zela egiaztatu ondoren. Haren omenez, Ameyo Stella Adadevoh Health Trust (DRASA) irabazi-asmorik gabeko erakundea sortu zen eta, 2020ko otsailetik, Abuja hiriburuko errepide batek bere izena darama.