2023 AZA. 03 Gaur X urte Gaur 130 urte lehertu zen Cabo Machichaco ontzia Santanderren 1893ko azaroaren 3an, Cabo Machichako ontzia Santanderren porturatu zen. Besteak beste, 1.700 dinamita kaxa zamatzen ari zen eta bertan lehertu zen dena. Zoritxarreko egun horretan 590 pertsona hil ziren eta beste 2.000 zauritu. Cabo Machichaco baporea sutan, oraindik Santanderreko portuan zegoela. (WIKIMEDIA) GAUR8 1893ko azaroaren 3an, lurrun-ontzi modernoa Santanderko portura iritsi zen, 1.700 dinamita-kaxa, azido sulfurikozko 20 botila eta ia 1.000 tona material siderurgikorekin. Dinamitaz kargatutako ontziak debekatuta zuten porturatzea, baina barkuko kapitainak ez zuen ohartarazi ontziak zekarren zama arriskutsua zela eta Kantabriako hiriburuko Maliaño kaian ainguratu zen. Izugarrizko tragedia eragin zuen, XIX. mendean Estatu espainiarrean izandako sarraski zibilik handiena. 1893ko azaroaren 3ko arratsaldean, Santander desagertzeko zorian egon zen, Cabo Machichaco ontziaren branka, hiriko portuan ainguratuta zegoela, lehertu zenean. Azido sulfurikoak eta ontziak upeltegietan gordetzen zuen dinamitak lehertu egin ziren, eta gainerako karga metraila bihurtu zuten. Fusilezko balak, pieza metaliko zorrotzak, dena aireratu zen, portuan zamaontziari begira ikusminez zen jendearen kontra. Zoritxarreko egun horretan 590 pertsona hil ziren eta beste 2.000 zauritu. Santanderrek ere pairatu zuen suntsipena, leherketa izugarriak 25 etxalde bota baitzituen portuaren inguruan. Cabo Machichaco Bilboko portutik abiatu zen, hain zuzen, Bizkaiko hiriburua kolera epidemia batek jota zegoela. Sevillara iritsi behar zuen barkuak, baina kargaren zati bat Santanderren utzi behar zuen lehenik. Porturatzeko beharrezko zituen koarentena egunak bete gabe, eta dinamita zeramala jakinarazi gabe, ainguratu zen Kantabriako hirian.