GAUR8 - mila leiho zabalik

Galdakaoko XIX. Mendi Astea azaroko ostegunetan egingo da, Ganguren Mendi taldearen eskutik

Galdakaoko XIX. Mendi Astea azaroko ostegunetan egingo da, Ganguren Mendi taldearen eskutik, aste honetan bertan hasita. Bestetik, astearte honetan Alex Txikonek Torrezabalen hitzaldia eskaini zuen, Txirrindulari Elkarteko Gela taldeak antolatuta, «mendizaletasunaren baloreak zabaltzeko».

Alex Txikon, artxiboko argazki batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ganguren Mendi Taldeak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, XIX. Mendi Astea egingo du azaroko ostegunetan, 19.30etik aurrera. Egitarau oparoa antolatu dute aurten ere, ostegun honetan bertan hasita.

Horrez gain, Alex Txikonek hitzaldia eskaini zuen astearte honetan bertan, Torrezabal Kultur Elkartean, Txirrindulari Elkarteko Gela taldeak antolatuta. ‘Kaskoa buruan eta ibili munduan’ lelopean mendizaletasunaren baloreak transmititzeko helburuz antolatu zuten hitzaldia eta Ghulan Murtaza sherpa ere gonbidatu zuten.

Orotara lau hitzaldi antolatu ditu Ganguren Mendi Taldeak, elkarteak dituen lokaletan. ‘HimELAya: Mendiak baino askoz gehiago’ izango da lehena, ostegun honetan bertan, Izaskun Elejeaga eta Kepa Lizarragaren eskutik, 19.30ean hasita.

Azaroaren 16an, ordu berean, Javer Torreirok eskainiko du hitzaldia, ‘Baltoro, Landmannalaugar, Dolomitak, Kaukaso: Naturgunean oinez’ izenburupean. Hilaren 23an, aldiz, Manuel de Arriba mendiko erreskateei buruz arituko da, bera ere 19.30ean hasita.

Azkenik, Amerikako Estatu Batuetako Pacific Crest Trailari buruzko hitzaldia azaroaren 30ean izango da entzungai, 19.30etik aurrera.