GAUR8 - mila leiho zabalik

134 hitzaldi eta tailer eskainiko ditu Treba Gurasoak programak Gipuzkoan

Programan parte hartzen duten ikastetxeen eskaerak jarraituz, 135 hitzaldi eta lantegi eskainiko ditu Treba Gurasoak ekimenak nerabeak eta osasun mentala, familia barruko komunikazioa edota haur eta nerabeen emozioen kudeaketa bezalako gaien inguruan.

Treba Gurasoak programaz gain Treba Gazteak ekimenak ere hainbat hitzordu finkatu ditu datozen asteetarako. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ikasleen familiei «ezagutza garrantzitsuak» transmititzeko helburuz jaiotako Treba Gurasoak programak 134 hitzaldi eta tailer eskainiko ditu ikasturte honetan, aurrekoan baino %35,4 gehiago.

Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen du hainbat eragilerekin lankidetzan, «gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogikoa» plazaratzeko. Pasa den urrian amaitu zen hautagaitzak aurkezteko lehen epea, eta 65 udalerriren eskaerak jaso ditu eta eskatutako gaien arabera osatu da programazioa.

Estibaliz Ansotegik eskainiko duen ’Osasun mentala eta nerabeak‘ hitzaldia izan da eskatuena, eta 22 emanaldi izango ditu. Leyre Canoren ‘Komunikazioa familian, Guraso eta seme-alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzen’ hitzaldiak 16 saio izango ditu, eta pornografia, haur eta nerabeen emozioak, harreman osasuntsuak edota pantailen erabileraren kudeaketa daude eskaera gehien jasotakoen artean.

Gogoratu dutenez, saioak bi formatutan eskaintzen dira: hitzaldiak eta tailerrak. Hitzaldiek ordu eta erdiko iraupena dute, baina tailerrak lau ordukoak dira, bi saiotan banatuta. «Hitzaldian lantzen dena sakonago landuko da tailerretan, nolabaiteko jarraipena emanez.

Treba Gazteak

Gurasoei zuzendutako eskaintzaren ondoan, 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako den Treba Gazteak ekimenak programazio berria du. Izan ere, azaroan eta abenduan hitzaldiak izango dira Zegaman, Azpeitian, Urnietan, Orion eta Ordizian, eta hainbat gai landuko dira: osasun mentala, sexualitatea, ludopatia, suizidioa, familia-ekonomia edo adimen artifiziala, besteak beste.

Hitzordu hurbilenak Zegaman izango dira, 17an eta 24an, Herriko Antzokian, Eider Goibururen esku: ‘Sexua, sexualitatea eta erotika: Nolakoa da nire sexualitatea?’, eta hilaren 24ean bertan,‘Osasun mentala: ikasi ulertzen’ tailerra emango du Ainhoa Urretagoienak Azpeitian.