GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Ikastolak Loran Mila Koloretan’ liburua aurkeztu dute Bilbon

XX. mende hasieran Bilbon sortu ziren ikastoletatik gaur egungo eredura arteko bidea jorratzen duen ‘Ikastolak Loran Mila Koloretan’ argitalpena aurkeztu dute gaur, Bizkaiko hiriburuko udaletxean. Labayru Fundazioak burutu du azterlana.

‘Ikastolak Loran Mila Koloretan’ argitalpenak Bilboko ikastolen sorrera aztertu du. (Bilboko Udala)

‘Ikastolak Loran Mila Koloretan’ liburua aurkeztu dute gaur Bilboko udaletxean, euskarazko eskolen sorreran parte hartu zuten familia eta beste zenbait eragileren parte hartzea izan duen ekitaldi batean.

Bizkaiko hiriburuan sortu ziren ikastoletatik egungo eredura arteko bidea aztertu du Labayru Fundazioak argitaratutako lanak, azaldu dutenez.

Udaleko Euskara Zuzendaritzaren laguntza izan du ikerlanak, eta «hiriko ikastolen jatorria, sorrera eta lehen urratsak» jasotzen ditu.

Familia eta arduradunak

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Eider Inuntziaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetza arloko zinegotziak parte hartu dute aurkezpen ekitaldian, Labayru Fundazioko zuzendari Igone Etxebarriarekin batera.

Gonbidatuen artean, ikastolak sortzeko mugimenduan parte hartu zuten familia eta arduradun batzuk izan dira, udal iturriek nabarmendu dutenez.

Zehaztu dutenez, «XX. mende hasierako kultura-testuingurutik abiatzen da, eta irakurleei azaltzen die nolakoak ziren gerraosteko lehen kultura jarduerak, nolakoak euskararen aldeko erakundeak, zer gertatu zen Bilbon eskolak euskaraz eman ziren lehen ikasturtean».

Horrez gain, egungo ikastolen eredu berria iritsi arte erakundea nola ezarri zen azaltzen du ikerlanak.