2023 AZA. 18 Gaur X urte 40 urterekin hil zen Jonah Lomu, errugbi modernoaren aitzindarietako bat Gaurko egunez 2015ean Jonah Lomu Zeelanda Berriko errugbi jokalaria hil zen, 40 urte zituela, bihotzeko baten ondorioz. Munduko errugbi jokalari ezagunenetako bat izan da, munduko kopetako entsegu marka ezarri zuena. Jonah Lomu Cardiff Blues taldearekin jokatzen, 2006an. (Wikimedia Commons) GAUR8 2015eko azaroaren 18an Jonah Lomu errugbi jokalaria hil zen, gaur zortzi urte, bihotzeko batek jota. 40 urterekin Zeelanda Berriko historiako errugbi jokalari hoberenetakoa izatera heldu zen eta hegaleko postuan aritzen zen. 1,96 metroko altuera eta 125 kilotik gorako pisua zeukan eta abiadura handikoa zen, ehun metroak 11 segundo baino gutxiagoan egiten zituen eta. 1994an Zeelanda Berriko selekzioarekin debuta egin zuenetik 2002an erretiratu zen arte 63 partida jokatu zituen All Blacks taldearekin. Batik bat 1995eko eta 1999ko munduko kopetan nabarmendu zen. 1995eko Munduko Errugbi Kopan jokatu zituen bost partidetan zazpi entsegu lortu zituen. Ondorioz, mundu osoan zehar ospetsu egin zen eta kirol honen ikono bilakatu zen Lomu. Lau urte beranduago jokatu zen munduko lehiaketan, Galesen, zortzi entsegu lortu zituen. 1997an giltzurrunetako gaixotasun bat diagnostikatu zioten eta errugbian aritzeari utzi behar izan zion 2002an, 27 urte baino ez zituenean. 2004an giltzurrun-transplantea egin zioten eta hurrengo urtean jokatzeari berriz ekin zion, baina aurretik izandako maila ez zuen berreskuratu. 2007an behin betiko erretiratu zen, 32 urterekin. 2011n ebakuntza egin zioten eta hiltzear egon zen. Horrek osasunez ahul utzi zuenez, 2015ean bihotzekoak jota zendu zen, Londresen egin berri zuen egonaldian dialisi tratamendua jaso ondoren.