GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Ipuinkada’, Getxon gertatzen diren istorioen podcast-a sortu dute

Euskarazko ipuinak dira, Getxoko leku ezberdinetan gertatzen diren abenturak kontatzen dituztenak eta podcast formatuan jarri dute publikoaren eskura ‘Ipuinkada’ izenarekin. Abenduaren 3an egongo da eskuragai bost ataletako lehena.

Abenduaren 3an argitaratuko dute lehen atala. (Ipuinkada)

Anodino Teatroak eta Audiogela Estudioak, Getxo Kulturaren laguntzarekin, sortu dute ‘Ipuinkada’ «irudimena eta umorea ardatz» hartuta, familia osorako euskarazko ipuinen podcast-a berria.

«Ipuin hauek, guztiz originalak, Getxoko txoko ezberdinetan gertatzen dira eta abentura, irudimena eta umorea ardatz» hartuta, «euskararen sustapena eta erabilera» bultzatzea dute helburu.

Abenduaren 3an, Euskararen Egunarekin bat eginez, lehen atalaren estrenaldia izango da. Hortik aurrera, astero igoko dute atal berri bat Spotify eta Ivoox plataformetara, bost atalak osatu arte.

Bereziki haurrei zuzendutako ekimena da, eta horren arrazoia azaldu dute. Esan dutenez, podcast saio ezberdin ugari sortu dira azken urteotan, baina eskaintza ez da oso zabala umeentzako. Aldiz, haurren artean ohikoa da ipuinak kontatzea eskatzea, eta horretarako ezin aproposagoa da podcast formatua, autoan entzuteko, adibidez.

«Podcast propioak egitea erabaki genuen, umeek irudikatu ditzaten istorioak eta ondoan duten ingurunean interesa jar dezaten. Gure xedea Euskal Herriko txoko ezberdinetara zabaltzea da», adierazi dute bultzatzaileek.

Musika ere ipuin bakoitzarentzat espreski konposatua dago, istorio «bakoitzak behar duen tonua eta kadentzia kontuan hartuta», eta ipuin bakoitzak pertsonaia ezberdinak izango ditu.