2023 AZA. 22 Gaur X urte Gaur zortzi urte eman zuen Oskorrik azken kontzertua 2015eko azaroaren 22an eman zuen azkeneko kontzertua Oskorri musika taldeak. Euskal Herriko talde garrantzitsuenetarikoa izan zen, hainbat belaunaldirentzat erreferentzialenetakoa. Gehien bat herri musikatik edan zuen, baina ez zen soilik horretara mugatu. Oskorrik emandako azken kontzertua, Bilboko Arriaga antzokian, 2015ean. (Marisol RAMIREZ | FOKU) 2015eko azaroaren 22an eman zuen azkeneko kontzertua Oskorri musika taldeak. Milaka kontzertu, plaza eta antzokitan ibili ondoren, Arriaga antzokian igo ziren azkenekoz oholtzara. Zortzi urte pasatu dira geroztik. Euskal Herriko talde garrantzitsuenetarikoa izan zen, hainbat belaunaldirentzat erreferentzialenetakoa. Gehien bat herri musikatik edan zuen, baina ez zen soilik horretara mugatu. Haien esanetan, Oskorrik argi izan zuen ez zirela rock talde bat, pop talde bat baizik, eta haien hanka bat beti egon dela tradizioan. 1971an sortu zen, eta Euskal Herriko herri musikaren sustraia hartuta, mundu zabaleko instrumentuak eta musikak egin zituen. 40 urtetik gorako ibilbide luzean, hainbat kide eta kolaboratzaile pasatu ziren taldetik, baina Oskorri taldea beti osatu zuten Natxo de Felipek, Anton Latxak, eta Bixente Martinezek –lehena hasieratik, eta beste biak geroago batu ziren–.Hasiera zaila izan zuten; batetik, frankismoak letrei zentsura ezarri zien; eta bestetik berriz, ETAk Oskorriren aurka egindako atentatu saiakerak eta Oskorriri ‘espainolista’ izatea leporatzen zioten sektore abertzale batzuen jarduna. Oztopoak oztopo aurrera jarraitu zuten, eta Euskal Herriko talde garrantzitsuenetariko bat bihurtu zen Oskorri, hainbat belaunaldirentzat erreferente izanez. Oskorrik, lehen disko luzea kaleratu aurretik, bi single plazaratu zituen; ‘Aita-semeak’ eta ‘Gosetea’ (1975), eta ‘Egia da’ eta ‘Anaitasuna’ (1976). Bi abesti horiek lortutako erantzunari esker kaleratu zuten lehen disko luzea: 'Ez da harritzekoa'. Hil berria zen Gabriel Aresti idazle bilbotarraren omenezkoa izan zen. Haren eraginez hasi baitzen De Felipe herri musika ikertzen.Garaiko kontu politikoek diskoaren oihartzuna mugatu bazuten ere, bertako kantu batzuk klasikoak bilakatu dira Oskorriren kantutegian: ‘Gora ta gora beti’ eta ‘Astoarena’, besteak beste. 25. urteurrena: '25 kantu-urte'Herri musikaren ikerketa lana izan da taldearen beste ezaugarri nagusietako bat. ‘Hi ere dantzari’ izan zen alor horretako lehen lan monografikoa. Disko horretan Euskal Herriko hamazazpi dantza ezagunen bertsioak egin zituzten.Taldearen 25. urteurrena ospatzeko 1996an Getxoko Folk Jaialdiko egitarauan egindako emanaldi entzutetsuena taldearen unerik esanguratsuenetarikoa izan zen. Euskal Herriko –Joseba Tapia, Mikel Laboa, Fermin Muguruza, Ruper Ordorika...–, zein atzerriko –Martin Carthy, Liam O’Flynn, Gabriel Yacoub, Anton Reixa...– hainbat musikarien laguntzarekin. Gerora, telebistarako saio eta disko bikoitz bilakatuko zen: '25 kantu-urte' (Elkar, 1997). Oskorri sortu zenetik desegin zen arte, 30 diskotik gora kaleratu zituen, eta argitaratutako 500 bat kanturen ondarea utzi dute.