2023 AZA. 27 Gaur X urte Alfred Nobelek testamentua idatzi zuen gaur 128 urte Dinamitaren asmatzaileari zor dizkiogu urtero fisika, kimika, medikuntza eta bakearen arloetan ekarpena egiten duten pertsonak aitortzen dituzten Nobel Sariak. Izan ere, Alfred Bernhard Nobelek testamentua idatzi zuen gaurko egunez eta bertan adierazi zuen bere aberastasunaren puska bat sari horietara bideratzea nahi zuela. Alfred Bernhard Nobelen erretratua. (WIKIPEDIA) GAUR8 Stockholmen, Suedian sortu zen Alfred Bernhard Nobel, 1833ko urriaren 21ean. Kimikaria, ingeniaria eta asmatzailea izan zen. 350 asmakizunetik goiti patentatu zituen baina horietako bat gelditu da denen oroimenean, dinamita. Nitroglizerinaren ezegonkortasunak heriotza asko eragiten zituela ohartuta, adreilu area gehitu eta egonkortu egin zuen. Hala sortu zuen dinamita. 1867. urtea zen. Lehergailuak egiten hasi zen, Bofors izeneko arma konpainiaren jabea izan zen eta dirutza handia irabazi zuen. Kausa on bat Aberastasun horren parte bat bederen kausa on batera zuzentzea erabaki zuen Bernhardek. Hala, 1895eko azaroaren 27an, gaur 128 urte, testamentua sinatu zuen suediarrek eta norvegiarrek Parisen zuten klubean. Bertan ezarri zuen bere ondasunen zati batekin diru funts bat sortzeko agindua, urtero fisika, kimika, medikuntza eta bakearen alorretan urrats nabarmenak egiten zituzten pertsonei diru-sari bat emateko. 1901etik, bere borondatea errespetatuz, Nobel Sariak ematen dituzte urtero, bere heriotzaren urteurrenaren egunean, abenduaren 10ean, data horretan gelditu baitzitzaion bihotza, Italiako Sanremon zuen etxean, 63 urte zituela.