GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Hizkuntza indigenek Ama Lurra zaintzen dute’ erakusketa ibiltaria ikusgai dago EHUko Gipuzkoako Campusean

«Hizkuntza indigenek Ama Lurra zaintzen dute» erakusketa ibiltaria EHUko Gipuzkoa Campusean egongo da hilaren 29ra arte. Hizkuntzek biodibertsitatearekin duten lotura eta hizkuntza-aniztasuna jorratzen ditu, herri indigenen sentsibilitatera hurbilduz.

Hizkuntz indigenen gaineko erakusketa ibiltaria, irudian. (UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Donostian duen Gipuzkoako campusean ‘Hizkuntza indigenek Ama Lurra zaintzen dute’ erakusketa ibiltaria dago ikusgai.

EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak eta Garabide Elkarteak antolatzen dute, EHUkultura Gipuzkoa programaren barruan, eta abenduaren 29ra arte egongo da zabalik Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi aretoan, 8.00etatik 20.30era, astelehenetik ostiralera. Sarrera librea da.

Antolatzaileen arabera, bi alderdi ezagutarazi nahi ditu erakusketak: «Batetik, hizkuntza-lankidetza nola ulertzen dugun erakutsi nahi dugu: zer balio, garrantzi eta aukera eskaintzen dizkigun. Bestetik, herri indigenengana hurbiltzea, haien sentimenduak eta sentsibilitateak ezagutu ahal izateko».

Aldi berean, biodibertsitatearen eta hizkuntza-aniztasunaren arteko harremanari buruzko hausnarketa planteatzen da. Erakusketara hurbiltzen diren bisitariek hainbat kontakizun eta komunitate indigenen irudiak aurkituko dituzte.

Irudiez eta kontakizunez gain, panelekin batera fitxa tekniko bat dago, panel bakoitzean erakusten den hizkuntza bakoitzaren egoerari buruzko informazioa erakusten duena. Gainera, QR kode bat dute, kontakizun bakoitza jatorrizko hizkuntza indigenan entzuteko aukera ematen duena.

Bestalde, pantailetako batean Beltzean Mintzo dokumentalaren zati bat eta hizkuntza-lankidetzarekin lotutako irudi batzuk daude ikusgai.