GAUR8 - mila leiho zabalik

Urte bukaerara arteko hainbat proposamen ditu Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultur Etxeak, tartean Janusz Korczaki buruzko erakusketa

Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultur Etxeak urte bukaerara arteko programazioa plazaratu du hamar bat kultur proposamen eta jarduerarekin. Janusz Korczak haurren eskubideen deklarazioaren aitari buruzko erakusketa du ikusgai urtarrilaren 27ra arte.

Korczaki buruzko erakusketaren kartela, irudian. (Ignacio Aldekoa Kultur Etxea)

2023. urteari amaiera emateko, hamar bat kultur proposamen eta jarduera antolatu ditu Ignacio Aldekoa Kultur Etxeak, ‘Astelehenetako hitzaldiak’, ‘El Club del LP’, ‘Martes de Patrimonio’, ‘Desafios del futuro’ ohiko espazioetan eta haur eta gazteei zuzendutako ekintzen barruan.

Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak jakinarazi duenez, bi hitzaldi egingo dira abenduan. Lehenengoa, astelehenean, Estibaliz Urresolarekin, ‘Zinema erronka eta topaleku gisa’ izenburupean, eta bigarrena, hilaren 18an, Isabel Alvarezek eskainia ‘Berrikuntza eta garapen iraunkorra: GJHen zeharkako ikuspegia’ izenburupean.

Era berean, ‘El Club del LP’-k ‘Car wheels on a gravel road. Lucinda Williams. Hegoaldeko eleberri musikala eta intimista’ eta ‘We are the village green preservation society. The Kinks. Poparen entziklopedia britainiarra’, izango dira abenduaren 1ean eta 15ean, 18.30ean.

Bestalde, Errestaurazio Zerbitzuak Diana Pardoren hitzaldi bat programatu du, ‘Gure hormak margotuta daude’ izenburupean, abenduaren 12an, 19.00etan. Bestetik,  Landazuri Kultur Elkarteak antolatuta, Amaia Mesanza topografia ingeniariak ‘Topografia eta ondarea. Teodolitotik laser-scanerrera eta adimen artifizialera’ hitzaldia eskainiko di hilaren 13an, 19.00etan.

Haur eta gazteentzako programatutako ekintzen artean, Kultur Etxeak hiru jarduera hartuko ditu abenduan. Bea Serve sexologoak transexualitateari buruzko hitzaldia emango du, 'Haur eta gazteen transexualitatea: ez da nire gorputza, zure begirada da' izenburupean.

Astebete geroago, hilaren 21ean, 19.00etan, Telmo Lazkanok eta Maitane Ormazabal ek ‘Nerabeen garraisia. Las voces del silencio’ hitzaldia eskainiko dute, «nerabeen osasun mentala, pantailen, mugikorren eta sare sozialen erabilerarekin bereziki lotua».

Sei eta bederatzi urte arteko haurrei zuzenduta, gainera, hilak 27an, 18.00etan, Xabier Lizaso piano-jotzailearen 'Txuri beltza da ta' ikuskizuna izango da.

Korczak eta haurrak

Bestalde, urtarrilaren 27ra arte, ‘Janusz Korczak: desde su orfanato de Varsovia al campo de exterminio en Treblinka' erakusketa egongo da ikusgai Gasteizko kultur etxe horretan. Erakusketari buruz, nabarmendu du Foru Aldundiak «Korczak pedagogia» eta «pediatra, pedagogo, idazle eta 1989ko haurren eskubide unibertsalen deklarazioaren aita dena ezagutarazten eta balioesten ditu».

Gogoratu duenez, Janusz Korczak (Henryk Goldszmit ezizena du) Varsovian jaio zen 1878an, klase ertaineko familia judu batean. «Gaztetan, aita gaixotu egin zen, eta, ondorioz, familiak botere ekonomikoa galdu zuen, eta Korczakek familia mantendu behar izan zuen eskola partikularrak ematen eta egunkarietarako idazten».

«1900. urtean, Janusz Korczak ezizenarekin sinatu zuen ‘Haurrak eta hezkuntza’ testua, eta ezizen horrekin jaso du Historiak. Medikuntza eta pedagogia ikasi ondoren, haurrekin hasi zen lanean Varsoviako Umezurztegi Juduan 1911n. Bertan, hezkuntzarako ikuspegi berritzailea garatu zuen, elkarrenganako errespetuan, haurraren autonomian eta haurrek gizabanako gisa duten duintasunean zentratu zena», adierazi du Aldundiak.

1940an umezurztegia Varsoviako ghettora eraman zutenean, umezurztegiko haurrekin geratzea erabaki zuen Korczakek, ghettoaren baldintza izugarriak eta errepresaliak pairatzeko aukera izan arren. Bertan ghettoaren egunkari bat idatzi zuen eta 1942an Treblikan hil zen gasifikatuta, bere haurrekin batera.

«Paulo Freire, Philippe Meirieu edo Roger Hart bezalako pedagogo garaikideek Korczaken pedagogia eta lana goraipatzen dute, hezkuntzan eta, oro har, gizartean haurren ahotsak entzutearen eta kontuan hartzearen garrantzia azpimarratuz», amaitu du.