2024 URT. 05 Gaur X urte Saskia Sassen-ek, ‘hiri globala’ kontzeptuaren egileak, 75 urte bete ditu gaur 75 urte bete ditu gaur Saskia Sassen soziologoak, hirigileak eta ekonomialariak. Berak zerrenda honi ‘ekintzailea’ gehituko lioke, seguruenik. Jatorriz herbereetarra, globalizazioa eta migrazioari buruz egindako azterketengatik ezaguna da; are gehiago, gai horietan egun munduan dauden goren mailako bost jakitunetako bat da. ‘Hiri globala’ kontzeptuaren asmatzailea da, era berean. Saskia Sassen soziologoa. (AFP) Amaia Ereñaga Herbehereetan jaioa, Saskia Sassen (Haga, Herbehereak, 1949ko urtarrilaren 5) bost hizkuntzatan hazi da: Argentinan eta Italian hazi, Estatu frantsesean ikasi eta Estatu Batuetan eta Ingalaterran egin baitu bere bizitza profesionala. Agian hortik datorkio erakusten ari den pentsamendu globala. Gaur egun Robert S. Lynd katedrako soziologia-irakaslea da Columbiako Unibertsitatean (New York), eta Ekonomia Politikoko irakasle bisitaria da London School of Economics eskolako Soziologia Sailean. Gurean hainbat aldiz egon da. Esaterako, Donostiako museoan 2015ean ‘Europar elkarrizketak’ zikloaren barnean hitzaldia eman zuen, edo 2021ean Iratzar fundazioak antolatuko jardunaldi batzuetan. 2014an, Desmond Tutu eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunek legez, Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena sinatu zuen. Hirigintzak interes handia sortu dio betidanik. Are gehiago, immigrazioa, hirigintza edo, gaur egungo baldintza transnazionalen ondorioz, estatu liberalean suertatzen ari diren aldaketak aztertu ditu. Egin duen ekarpen zientifiko handienetako bat hiri globalaren kontzeptua izan da, gaur egun mundu osoan onartua eta erabilia den kontzeptua. Gaur egun hiri globalez hitz egitea ohikoa da, baina ez da beti horrela izan. Soziologo honek azken 30 urteetan egindako ekarpenek aukera eman dute globalizazio-prozesuengatik zenbait berezitasun dituzten hiriak nola sortu diren ikertzeko eta aztertzeko. «‘The Global City’ (1991) liburua idatzi nuenean ekonomia berria deiturikoa hasi berria zen. Aztertu nituen hiru hiriak (Londres, New York eta Tokio) abangoardiako hiriak ziren, eta, beraz, hain boteretsuak ez ziren beste hirietan erraz ikusten ez zena agerian uzten zuten. Baina egitura ekonomiko eta espazial berri hauek agerian geratu eta aurrera egin ahala, hiru hiri haietan gertatzen zena beste hiri askotan ere ikusten hasi zen, nahiz eta ez oso modu nabarmenean izan», aipatu zuen elkarrizketa batean. Azken finean, azken mende-laurdeneko aldaketa ekonomikoek hirien eta munduko ekonomiaren arteko harremanak aldatu dituzte. Eta aldaketa horiek dualtasun konplexu bat sortu dute: jarduera ekonomikoaren antolaketa berri bat dago, espazialki sakabanatua baina globalki integratua dena. Hiri handiak estrategikoak bihurtu dira, bertan biltzen baitira finantza-sektoreak eta ekoizpenaren zuzendaritzak; hau da, gizartearen egituraketan eragin zuzena duten botereak. Sassen-ek dioenez, bitartekaritza-zerbitzuak (bankuak, abokatuen bulegoak, aholkularitza estrategikoak...) hiri globalaren eraketan lehen mailako protagonismoa hartu dute, korporazio handiek modu globalean jardun ahal izan dezaten. Ikuspegi horretatik garatu zuen 1991n Mendebaldeko kapitalismoaren hiru hiri ikonikoren azterketan oinarritutako teoria: Londres, New York eta Tokio, garai hartan ekonomia global digitalizatuaren benetako botere-zentroak baitziren. Liburu anitz plazaratu ditu, hitzaldiak ematen ditu etengabe munduan zehar... hemen bere esaldi batzuk: «Produktu gisa antolatutako hiriek injustizia, desberdintasuna, turistifikazioa edo gentrifikazioa sortu dute gero eta urbanizatuago dagoen planeta honetan»; «finantzariak hitz egiten dutenean, oso politikari gutxik ulertzen dute haiek esaten dutena»; edo «gehien kezkatzen nauena zera da, hiriak jada ez direla hiritar guztiontzat, eta, gainera, matematika algoritmikoari esker, guk eraikinak ikusten ditugun arren, errealitatean aktibo gisa funtzionatzen dute ekonomian. Horrek esan nahi du eraikin batean ez duzula bizilagunik behar gainbalioa ateratzeko». Eta hemen azkena: «etxebizitzaren eskubidearen alde borrokatu behar dugu. Aberatsek askoz ere gehiago lagundu dezakete justizia egiten eta hirietan klase apal eta pobreek etxebizitza eskuratzeko aukerak bermatzen».