2024 URT. 07 Gaur X urte Gaur hamabost urte hil zen Jose Ramon Aranguren militante abertzalea Duela 15 urte hil zen, bihotzeko baten ondorioz, Jose Ramon Aranguren militante abertzalea. Gizon maitagarria eta konprometitua, 18/98ko auzian auzipetua zegoen hil zenean, Orain SA atalean, ‘Egin’ egunkariaren administrazio kontseiluko lehendakari ordea izan zelako. Hamar urte iraun zuen epaiketa hartan «Espainiako inkisizioaren» menpe egon zen, berak horrela aitortuta. Jose Ramon Aranguren, 2008an, pentsionisten mugimenduan egiten lanari buruzko elkarrizkta batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Amaia Ereñaga Jose Ramon Aranguren Iraizotz (Elo, 1938ko martxoaren 14a – Iruñea, 2009ko urtarrilaren 7a) politikari nafarra 18/98ko auziaren biktima bat izan zen, hor ez dago zalantzarik. Duela 15 urte hil zen, 70 urte zituenean, bihotzekoak jota. Hiru urte lehenago beste bat izan zuen. Hil zenean Aranguren epaiketaren zain zegoen, 2006an izan zuen aurreko bihotzekoagatik auzitik erretiratu egin zutelako. Hala ere, bere osasun egoerak ez zuen gizon kementsu eta maitakor honen konpromisoa eten. Batez ere abertzalea izan zen Jose Ramon Aranguren. Horren adibide da, GARA egunkarian, hil zenean argitatu zen artikuluan gogora ekartzen zen pasarte hau: «2007ko Nafarroaren Egunean, Orreagan urtero egiten den ospakizunaren pregoia berari eskani zitzaion. 9 urteko Amets bilobarekin, aitona erdaldunaren eta biloba euskaldunaren arteko elkarrizketa gozo bat inprobisatzea otu zitzaien, non Jose Ramon pozik agertzen baitzen bi belaunaldiek lortutako aurrerapenengatik. Mezu hau utzi zigun: ‘Munduari zerbait eman diezaiokegu soilik nafarrak izaten jarraitzen badugu; hau da, euskaldun libreak bagara. Bestela, ez dugu iraungo’. Ezker abertzaleari lotutako ibilbidea izan zuen Jose Ramon Arangurenek. HBko zinegotzia izan zen Iruñean, baita ere ‘Egin’ egunkariko eragilea. 1998ko uztailaren 15ean ‘Egin’ itxi zutenean Baltasar Garzon epailearen aginduz, egunkariko administrazio kontseiluko lehendakari ordea zen nafarra. Kalbarioa luzea izan zen: atxilotuak izan ziren, Madrilerako bidea hartu behar izan zuten sekula amaituko ez zirudien epaiketa hartan... 2005eko azaroaren 21ean hasi zen 18/98 auziko epaiketa, Madrilen, baina 2006ko maiatzaren hasieran bihotzekoak eman zion Arangureni, oporretan zegoela, eta auzitik aparte, bakarka epaitzea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak. Fiskalak 48 urteko kartzela zigorra zeukan eskatua harentzat.