2024 URT. 08 Gaur X urte Gaurko egunez, 1980ean, aurkitu zuten Ana Teresa Berroetaren gorpua, BVEn biktima 1980ko urtarrilaren 8an, Ana Teresa Berroeta 19 urteko gaztearen gorpua aurkitu zuten. Batallon Vasco Español taldeak aitortu zuen hilketa; aurretik bortxatu egin zuten. Gaurko egunez aurkitu zuten Berroetaren gorpua, 1980an. (WIKIMEDIA) GAUR8 Gaur bezalako egun batean, 1980an, Loiun (Bizkaia) aurkitu zuten Ana Teresa Berroetaren gorpua. Bortxatu eta sastakatu egin zuten. Sondikako ikastola batean euskara hobetzeko klaseetara joan ondoren egin zioten eraso, Bilbotik 12 kilometrora. Goizeko 10.00etan aurkitu zuten haren gorpua, zartzar batean, biktimaren bizilagun batzuek. Biluzik zegoen, indarkeriaren eta sexu-abusuen zantzuak zituen. Bortxatua, bortizki torturatua eta eraila izan zen. Arropak inguruan sakabanatuta zeuden, eta gorpuan hainbat labankada zituen, erasotzaileekin (3 gizon) borrokatu izanaren zantzuekin. Batallon Vasco Español eskuin muturrak aitortuko zuen hedabideetan Ana Teresa Berroeta hil zuela. Ana Barroeta etxeko langilea zen. Asteartean, lanegun guztietan bezala, klasera joan zen. Ikastolatik irtetean, gaueko 21.00ak aldera, autobus bat hartu zuen; gero eraso egin zioten. Barroeta hil zuenetako inor ez zuten prozesatu. Talde berberak, BVEek, sarraski handia egin zuen 10 egun geroago Alonsotegin, Aldana tabernan lehergailu bat jarri eta lau hildako eta hamar zauritu eragin zituenean. «Espainiako batasunaren alde borrokatzen gara», adierazi zioten komunikabideei. Eskuin-muturreko taldeek eta Estatuko segurtasun-indarrek, beldur izugarria eragin zuten Euskal Herrian, bereziki ezker independentistaren aldean. Talde horien 74 ekintza terroristek, kalte material eta pertsonal handiak eragiteaz gain, 66 hildako eragin zituzten 1975 eta 1990 bitartean. Baina 33 kasutan bakarrik ireki ziren eginbide judizialak, eta horietatik 17k bakarrik izan zuten epai irmoa.