2024 URT. 09 Gaur X urte Duela 116 urte jaio zen Simone de Beauvoir, ‘Bigarren sexua’ lanaren egilea 1908ko urtarrilaren 9an jaio zen, gaur 116 urte, Simone de Beauvoir. 1949an bere obra nagusietako bat eman zuen argitara: ‘Bigarren sexua’. Feminismoaren adierazle behinenetako bat da Simone de Beauvoir gaur egun ere. ©DR GAUR8 «Mundu hau beti izan da gizonena». Gallimard argitaletxe frantsesaren zigiluarekin argitaratu zen lehen aldiz 1949an, eta halaxe hasi zen ‘Bigarren sexua’, Simone de Beauvoir filosofo existentzialistaren funtsezko lana, XX. mendearen bigarren erdian feminismoaren hirugarren olatuak eragin zuena. 1908ko urtarrilaren 9an jaio zen, gaur 116 urte, eta bere familia Parisko klase aberatsekoa zen, nahiz eta egoera ekonomiko txarra zuen, aitak inbertsio txarrak egin baitzituen. Zailtasun horiek gorabehera, Simonek eta haren ahizpak hezkuntza elitista eta katolikoa jaso zuten, nahiz eta gerora baztertu egingo zuen doktrina. Bere pentsamendu ezkertiarrak familiarengandik urrundu zuen. Laster lortu zuen emantzipatzea, eta filosofia- eta letra-ikasketak hasi zituen Parisko Unibertsitatean, Sorbonan. Irakasle sartuko zen gero, eta Marseillan egin zuen lan lehenengoz eta, handik, atzera ere Parisera egin zuen. Simone de Beauvoiren hurrengo bizi-etapa idazle gisa izandako arrakastak eta Bigarren Mundu Gerraren ondorioak eragindako militantzia politikoak markatu zuten. 1943an argitaratu zuen bere bigarren lana, ‘Gonbidapena’, argitalpen-arrakasta handia izan zuena. 1949an bere obra nagusietako bat eman zuen argitara: ‘Bigarren sexua’. Duela 70 urte baino gehiago argitaratu zen, eta testuak aldarrikatzen dituen ideiek gaurkotasun osoa dute orain ere. «Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da», dio De Beauvoirek, feminismoaren liburu nagusi bihurtu zen hartan. Bertan, autoreak azaltzen du sistemak emakumearen ideiaren gizarte-eraikuntza bat sortu duela, biologian oinarritua, eta haren printzipioak eta sexuen arteko aldea ustezko emakume-ahultasuna justifikatzeko erabiltzen direla.