GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Research Fellows’ programaren deialdi berri bat, hogei ikertzaile gazte kontratatzeko

Ikerbasquek ‘Research Fellows’ programaren 2024ko deialdia jarri du abian beste 20 ikertzaile gazte kontratatzeko. Euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatzera zuzenduta, bereziki emakumeak erakarri nahi ditu.

Euskal Herritik kanpo ikerketan aritzen diren euskal gazteak erakarri nahi ditu Ikerbasqueren programak. (Jon URBE)

Ikerbasque EAEko zientzia fundazioak ikertzaile gazteak erakartzeko ‘Research Felows’ deialdi berri bat jarri du abian. Aurreko deialdietan 160 lagun kontratatu ostean, deialdi honetan 20 dira aurreikusitako kontratazio berriak.

Ohar batean gogoratu dute programak funtzio bikoitza duela: «atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea» eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea».

Zehaztu dutenez, «bereziki emakume ikertzaileen kontratazioa» eta Euskal herritik kanpo dauden ikertzaileen itzulera bultzatuko da. Deialdia arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko esperientzia duten mundu osoko ikerlarientzako irekita dago.

Bost urtetarako lanpostuak eskaintzen ditu deialdiak. EAEko unibertsitateetan ikerketa zentroetan arituko dira, eta azken urtean, Europako Batzordearen irizpideen araberako ebaluazioa izango dute plaza iraunkorrak lortzeko.

Urratsa eman nahi dutenek Ikerbasqueren web orrian eman behar dute izena martxoaren 15a baino lehen. Ondoren, ebaluazio-prozesu sakona egingo dela nabarmendu dute.

Ikerbasquek gogoratu du Europa Batzordetik lau milioi euro jaso zituela 2021ean, ‘Research Fellows’ programa lau urtetan finantzatzeko, «garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimen onenetakotzat aukeratua izan ondoren». Nabarmendu dutenez, nazioarteko adituen puntuazio gorena lortu zuen Ikerbasqueren proposamenak, ehun puntutik 99,4 eskuratuz.