2024 URT. 22 Gaur X urte Gaurko egunez Marivi Bilbao aktorea jaio zen, 1930ean Marivi Bilbao aktore bilbotarra duela 94 urte jaio zen gaurko egunez, 1930eko urtarrilaren 22an. Antzerkian hasi zen aktore bezala lanean eta bereziki film laburretan eta ‘Aqui no hay quien viva’ eta ‘La que se avecina’ telesailetan nabarmendu da. 2013an hil zen 83 urte zituela. Marivi Bilbao, 2002an. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 1930eko urtarrilaren 22an jaio zen Maria Victoria Bilbao-Goyoaga Alvarez, Marivi Bilbao izenez ezaguna zen aktorea, Bilbon. Oso gaztetan hasi zen antzerkian lanean, Cultura Hispanica de Bilbao eta Akelarre taldeen muntaietan parte hartzen. Azken konpainia honen sortzaileetako bat izan zen, gainera. Hasieran Angela Valverde ezizenarekin aritu zen aktore bezala, bere aitak ez jakiteko. Zinemara salto egin zuenean, lau film laburretan antzeztutako protagonista rolarekin izan zen. Lehenengoak 1960ko hamarkadan egin ziren: F. Bajardiren ‘La Interrogación’ eta Javier Aguirreren ‘Playa Insolita’. Geroago, 1970 hamarkadaren amaieran, Juanma Ortuoste eta Javier Rebollo zuzendarien ‘Agur Txomin’ lanean parte hartu zuen. Javier Rebollorekin askotan egin zuen lan, baita Daniel Calparsoro euskal herritarrarekin ere. Calparsororekin egindako lanen artean ‘Salto al vacio’ (1995) eta ‘A ciegas’ (1997) film luzeetan lan egin zuen bigarren mailako pertsonaiak antzezten. ‘Malena no es un nombre de tango’ (Gerardo Herrero, 1996), ‘Aunque tu no lo sepas’ (Juan Vicente Cordoba, 2000), ‘La comunidad’ (Alex de la Iglesia, 2003), ‘Carmen’ (Vicente Aranda, 2003), ‘No controles’ (Borja Cobeaga, 2010) eta ‘Maktub’ (Paco Arango, 2011) filmetan ere lan egin zuen. Hala ere, telebistan egindako lanagatik da bereziki ezaguna Bilbao. 2003tik ‘Aqui no hay quien viva’ eta, ondoren, ‘La que se avecina’ telesailetan antzeztutako rolengatik. 2012an erretiroa hartu zuen eta 2013an zendu zen.