GAUR8 - mila leiho zabalik

Asun Casasola ipuin labur lehiaketara aurkezteko epea otsailaren 6an itxiko da

‘Plaza bat zure izenean’ da Asun Casasola ipuin labur lehiaketaren IX. edizioan jarri duten gaia. Lehiaketara aurkeztutako lanak otsailaren 7a baino lehen helarazi behar dira.

Asun Casasola ipuin labur lehiaketaren IX. edizioa egingo da aurten. (Asun Casasola Lehiaketa)

Ipuin laburrei eskainita, Sanferminetan hil zuten Nagore Laffage gaztearen amaren izena daraman deialdiak hurrengo otsailaren 6an itxiko du lanak jasotzeko epea. Aurten, ‘Plaza bat zure izenean’ da jarritako gaia.

Lehikateak munduko edozein txokotatik heldutako lanak hartuko ditu, eta adinari dagokionez, bi kategoriatan banatzen da: gazteentzako bat, 2007tik 2011ra bitartean jaiotakoentzako, eta helduentzat beste bat, 2007an edo lehenago jaiotako lagunentzat. Kategoria bakoitzean, gainera, euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztutako lanak ere sarituko dira.

Komeni da gogoratzea lehiaketak ezartzen dituen baldintzetako bi: orrialde batekoak izan behar dira lanak, «Arial letrarekin eta 12 puntuko letra-tamainarekin». Oinarriek jasotzen dutenez, gainera, argitaratu gabeko lanak izan behar dira, eta ez da itzulpenik onartuko.

Memoria ariketa bat

Antolakuntzatik gogoratu dute, lehiaketak «memoria ariketa bat izan nahi» duela, «indarkeria matxistaren aurrean biziraun ez duten emakume horiek gogoan, baina baita memoria historikoan arakatu eta aitortza egin nahian». 

Izan ere, emakumeen askatasunaren «sinboloa» bihurtu zen Asun Casasolaren izena hartu zuen lehiaketak. «Ama horrek erakutsitako kemena eta borrokarako grina izugarria izan da, eta eredu honi aitortza egiteko asmoz» sortu zen deialdia duela 11 urte.

Lanak asuncasasolaipuina@gmail.com posta elektronikora bidali behar dira otsailaren 7a baino lehen.