GAUR8 - mila leiho zabalik

Kolorearen kudeaketari buruzko doako ikastaroa antolatu dute, profesionalentzako eta ikasleentzako

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak antolatuta, kolorearen kudeaketari buruzko doako ikastaroa eskainiko da martxotik aurrera ‘Kolorearen kudeaketan’ aditu diploma lortzeko.

Aditu-dilploma profesionalei eta ikasleei zuzenduta dago. (Mondragon Unibertsitatea)

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Next Generation programaren Europako funtsekin sortutako ‘Fast Forward by Puig’ programaren barruan, ikus-entzunezkoen sektoreko profesional eta ikasleei zuzendutako ‘Kolorearen kudeaketan’ aditu diploma eskainiko du, Escola Superior de Cinema I Audiovisuals de Catalunyarekin batera.

Unibertsitatetik azaldu dutenez, Kepa Aranburu adituak emango duen ikastaroa martxoaren 5ean hasiko da, hiru hilabeteko iraupena izango du eta ikus-entzunezko proiektuetan kolorimetriari heltzea du helburu.

Saio presentzialak Aretxabaletako campusean izango dira, eta bertan izena ematen dutenek praktika bereziak egingo dituzte.

Tituluak 15 ECTS (kredituak) ditu, eta «osagai tekniko handia» du. Bost modulutan antolatuta dago: oinarrizko teoria; aurreprodukzioa; produkzioa; postprodukzioa; entrega eta biltegiratzea; proiektu pertsonala eta tutoretzak. Parte-hartzaileek kolorimetriarekin lotutako eremu guztiak landuko dituzte ikus-entzunezkoen arloan.

Mondragon Unibertsitateak zehaztu duenez, ‘Kolorearen Kudeaketan’ aditu diploma doakoa da, baina parte hartzaileek 350 euroko fidantza jarri beharko dute aldez aurretik. Ikastaroa amaitutakoan, diru-sarrera egin den kontu berera itzuliko da diru hori.

Fidantza itzultzeko, ezinbestekoa izango da ikasturte amaierako proiektua egitea eta eskolen %80ra joatea.