GAUR8 - mila leiho zabalik

290 saltokik bat egin dute emakume ikertzaileei eskainitako ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ ekimenarekin

Otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da, eta ospakizun horri begira emakume ikertzaileak 290 saltokiko protagonistak izango dira egunotan, Elhuyarrek bultzatzen duen ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ ekimenari esker.

Aurreko edizioko erakusleiho bat, irudian (Elhuyar Fundazioa)

Emakume ikertzaileak hainbat saltokiko protagonistak izango dira gaurtik aurrera, Elhuyarrek bultzatzen duen ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ ekimenari esker. Hilaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta ospakizun horri egiten dio erreferentzia hainbat dendatan egunotan burutuko duten aldaketak.

Emakumeek eta neskek zientzian parte hartzeko eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko kanpaina da, baita bokazio zientifikoak inspiratzeko ere. Denda bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa, harekin lotutako ilustrazioak eta informazioa jasotzen dituzten horma-irudiekin.

‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ ekimena, iaz.


Irudiez gain, erakusleihoak zientzialariaren ikerketa esparruan inspiratuta egingo dira apainduta, eta dendariak aukeratutako ikertzailearen bizitza eta lanaren dibulgatzaile izango dira.

Abanto-Zierbena, Barakaldo, Beasain, Bilbo, Deba, Elgoibar, Gueñes, Ibarra, Laudio, Ordizia, Plentzia eta Zarauzkoak dira ekimenarekin bat egin duten 290 saltokiak.

Ginkana

Gainera, bigarren urtez, 12 saltoki baino gehiagoko herrietan (Abanto-Zierbena, Barakaldo, Bilbo, Elgoibar, Gueñes, Laudio eta Ordizia), ginkana egingo dute, ‘Actionbound’ sakelakorako aplikazioaren bidez. Dendaz denda kartelak bilatu eta agertzen diren QR kodeak eskaneatuta, parte hartzaileari zientzialari horren inguruko galdera bat planteatuko zaio.

Azken atal honen inguruan, zehaztu du Elhuyarrek galderak egokitu eta zailtasun-maila ezberdinetakoak daudela parte hartzaileen adinaren arabera.

Otsailaren 11ko ospakizunarekin lotuta, bestalde, iragarri du Elhuyarrek saio berezia eskainiko duela ‘Teknopolis’-ek asteburu horretan, ETB1en eta ETB2an.