2024 OTS. 02 Gaur X urte Duela lau urte hil zen Loli Lopez Goñi, kateak hautsi zituen alpinista aitzindaria Halaxe definitu zuen Andoni Arabaolaza mendi adituak Loli Lopez Goñi, «kateak hautsi zituen alpinista aitzindaria», GARAko orrialdeetan idatzitako profilean, gaurko egunez duela lau urte 89 urterekin bere jaioterrian zendu zenean. 1950 eta 1960ko hamarkadetan lehen lerroan ibili zen, bai emakumeen artean eta baita gizonen artean ere. Loli Lopez Goñi mendigoizale donostiarra, 2012an GARArekin izandako elkarrizketa batean. (Jon URBE | FOKU) GAUR8 Loli Lopez Goñi (Donostia, 1930 - 2020) mendigoizalea zen, aitzindaria emakumezkoen artean, baina baita gizonezkoen artean ere. Lehen andrea izan zen Mont Blanc eta Cervino mendien gailurrera igotzen, eskaladan bosgarren mailako zailtasuna lortzen (ez katu-oinekin baizik eta mendiko botekin) eta espainiar Estatuko Goi Mendiko Talde selektiboan sartzen. Hala esan zuen Suso Ayestaranek berari buruz, Andoni Arabaolazak GARArako egin zuen profilean: «Loli zailtasuneko alpinismoa egiten zuen emakume bakarrenetarikoa zen. Baziren beste batzuk. Baina Lolik beste urrats batzuk egin zituen. Guk alpinismoa egitera bultzatzen genituen, eta haiek, ausardiaz eta erabakitasunez, gure taldera biltzen ziren; goi mendian sartu genituen. Uste dut arlo horretan matxismoa hautsi genuela». Emakumeen artean galtza luzeak ondo ikusita ez zeuden garaietan, Lopezek ez zuen zalantzarik izan haiek janzteko. 1950eko hamarkadan, Alpeetara joateko jantziak berak egin zituen. «Gabardina urdineko tela erosi eta irakasle baten laguntzarekin josi nituen», aitortu zuen elkarrizketa batean. Donostiako Amaikak Bat mendi taldean eman zituen lehen pausoak. Imanol Goikoetxea senarrarekin batera, euskal paretetatik Pirinioetara egin zuen salto, eta hainbat lehen igoera sinatu zituen: Perdidoren iparra, Gaube couloirra, Midiren Petit Picen mendebaleko aurpegia. Dent du Requin berezia izan zen berarentzat. Euskal Mendizale Federazioak banatzen duen sari batek bere izena darama. Emakumezko alpinista batek egindako jarduerarik onena nabarmentzen du.