2024 OTS. 05 Izaki bizidunen ikus-sistema eta neandertalei buruzko azken aurkikuntzak jorratuko dituzte Bidebarrietan Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak izaki bizidunen ikus-sistema eta neandertalen inguruan egindako aurkikuntza berriak jorratu ditu otsailaren 12an, Darwinen Egunaren 18. edizioaren harira antolatutako hitzaldietan. Teknologia berriek neandertalen gaineko ikerketetan emandako informazioa izango du hizpide Asier Gomez Olivencia ikertzaileak. (Luis JAUREGIALTZO) GAUR8 Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak bi hitzaldi eskainiko ditu datorren astean, Darwinen Egunaren 18. edizioaren barruan, izaki bizidunen sistema bisualari eta neandertalen inguruko aurkikuntza berriei buruz. Datorren otsailaren 12ko topaketan Conchi Lillo Delgado biologoak, Neurozientzietan doktorea eta Salamancako Unibertsitateko irakaslea, eta Asier Gomez Olivencia Giza Eboluzioan adituak parte hartuko dute. Hitzordua Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian izango da 18.30ean, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak bultzatuta. Teknologia berriak Udaletik azaldu dutenez, topaketan, 150 urtez aztergai izan ondoren, «neandertalei buruz zerbait berria esan daitekeen edo izaki bizidunen eboluzioan ikuspegia nola baldintzatu duen» bezalako gaiak planteatuko dituzte, besteak beste. Conchi Lillo Delgadok Darwinen Egunaren edizio berri honetan ‘Eboluzioari begirada bat’ hitzaldia eskainiko du. Bertan, ornodunen eta ornogabeen bitxikerietatik eta ezaugarrietatik abiatuta, «inguratzen dituzten munduaren formak, koloreak eta sakontasuna bereganatuz, bizirik irauteko eta defendatzeko abantaila ebolutiboak garatu dituzten izaki bizidunen ikus-sistemak nola funtzionatzen duen» azalduko du. Asier Gomez Olivenciak, bestalde, ‘¿Qué tal, neandertal?’ hitzaldia eskainiko du, eta teknologia berrien erabilerari eta aztarnategi klasikoen berrikuspenari esker lortutako aurkikuntzetan sakonduko du.