2024 OTS. 06 Caicedo Yuso eta Arreoko lakuaren egoera hobea nabarmendu du Arabako Foru Aldundiak Azken urteetako esku-hartze ezberdinen emaitza den Caicedo Yuso eta Arreoko aintziraren kontserbazio egoera nabarmendu du Arabako Foru Aldundiak. Lakuaren baldintza fisiko-kimikoak eta ekologikoak hobetzeaz gain, erabilera publikoa eta ezagutza hobetu direla azpimarratu du. Caicedo-Arreoko aintzira, irudian. (Arabako Foru Aldundia) GAUR8 Lantaronen kokatuta, Caicedo Yuso eta Arreoko lakua ‘Ramsar’ errekonozimendua duten Arabako lau hezeguneetako bat da, eta egun daukan «kontserbazio egoera oso ona» nabarmendu du Arabako Foru Aldundiak, urteetan zehar bertan bultzatutako esku hartzeak azpimarratuz. Ziurtatu duenez, egindako ekintza ezberdinei esker «espazioko habitaten azalera naturala handitzea» lortu da; «lakuaren baldintza fisiko-kimikoak eta ekologikoak» hobetu dira, «eta erabilera publikoa eta lekuaren ezagutza» areagotu da. Egindako jarduketen artean, 2012 eta 2015 artean egindako ‘Life Tremedal’ proiektuaren esparruan sustatutakoak daude. Egitasmo horren barruan, ibaiertzetan eta ibaiertzeko basoan landare naturalak berreskuratu ziren, larreen birsorkuntza naturala bultzatu eta higaduraren prebentzioa eta espezie inbaditzaileen kontrola egin ziren, besteak beste. Gatz tximinien gainean Foru gobernuak emandako datuen arabera, 3.714 metro koadroko eremu bat berrezarri da, eta horri esker, zohikaztegi alkalinoen behe-zohikaztegien habitata pixkanaka birsortu ahal izango da. «Bestalde, aintziraren lamina hezetik gertu dauden eremuetan 1.963 metro karratuko azalera berreskuratu da, ibaiertzeko landaredi-landaketekin. Basoko mahatsondoak, hazitik datozen 160 mahats eta Arabako populazio autoktonoen aldaxkak ere landatu dira, erriberako landarediarekin», erantsi du. Anfibioentzako habitat berriak ahalbidetzeko, gainera, bi putzu artifizial sortu ziren, eta azaleko jariatze-urez eta iturburu txiki batez bete ziren. Caicedo Yuso eta Arreoko lakua EAEn dagoen aintzira sistema iraunkor bakarra da eta gatz tximinien gainean eratutako bi laku penintsularretako bat, gogoratu du Foru Aldundiak. Zehaztu duenez, «aintzirak 136 hektarea dauzka eta hauexek barne hartzen ditu: aintzira ekosistema (iturburu gaziarekin batera), alboko nekazaritza lurrak eta hezegunearen inguruko irtengune txikiak estaltzen dituzten zuhaitz masak. Itsasoaren mailatik 650 metroko altitudean kokatzen da eta iturburu gazi batek osatzen duen elikadura arro txiki bat dauka».